Testua: Ramon Ugalde.
Arrasateko herensugearen lejendaren aldaera diferenteak daude. Jatorriari buruzko interpretazioak ere diferenteak dira.
Dragoia erromatar legio baten sublimazioa izan daiteke, hau da Erromatar Inperioaren garaian soldadu erromatarrek Leintzaldean egiten zituzten erasoaldiak neskak bahitzeko. Antzinateko eraso horien oroimena mende batzuk geroago dragoiaren historia moduan agertuko litzateke.
Beste batzuk pentsatzen dute dragoia izaki mitologiko bat izan daitekeela, denbora zaharragoetako sinismenetan oinarrituta. Eta azalpen geografiko bat ere badaukagu: Olandixotik Arrasatera isurtzen ziren ur handien animalizazioa( pertsonifikazioa) baino ez litzateke izango.
Nire ustez, ordea, Herensugearen ipuiak badu oinarri historiko bat, baina Paleolitikora edo Erromatarren inperioaren garaietara atzeratu barik.
Dragoiaren istoriaren elementu gehienak, edo guztiak, ondo ulertzen dira Erdi Aroan kokatzen baditugu eta zehazkiago euskaldunok Al Andaluseko inperialismoaren kontrako borrokan.
Musulmanek 711. urtean inbaditu zuten Iberiar penintsula. Aurreko mendeetan euskaldunok, edo baskoiek, gure aurreko zuzenak, gogor ibili ziren etengabako gerratan Toledoko erresuma bisigotikoaren aurka. Dirudienez Afrikatik pasatu ziren militar musulmanak asko ere ez ziren, konkista nahiko azkarra izan zen eta noble goto pilo bat islamera bihurtu ziren. Etorri berriek aurreko erresuma bisigotikoa baino estatu indartsuago bat antolatu zuten. Erresumako hiriburutza Toledotik Kordobara eraman zuten. Al Andalusen sortutako egitura politiko-ekonomikoa autokratikoa, esklabista, militarista, patriarkala, jerarkikoa, hiritarra eta jabetza handiaren sustatzailea izan zen. Ezaugarri horiek bazeuden aurreko erresuma bisigotikoan baina musulmanekin areagotu egin ziren.
Aldi berean, euskaldunen egitura politiko-ekonomikoa guztiz bestelakoa zen: estaturik gabekoa, demokratikoa (batzar irekiak), auzolanean oinarrituriko ekonomia, pertsona libreak, jerarkizaazio gutxikoa, herrixka txikietako populaketa, jabetza pribaturik gabekoa, gizon eta andreen arteko bereizketa gutxirekin, eta itxuran kristauak.
Horrela bada, musulmanek jarraitu egin zuten euskaldunen kontrako erasoaldietan. Urtero urtero, normalean udan Al Andalusetik Razziak edo erasoaldiak atertzen ziren Euskal Herriruntz, kronika zaharretan gure inguruko lurraldea Araba moduan ezagutzen zuten. Razzia horien helburua herri libreak zigortzea, ondasunak lortzea eta batez ere neska gazteak bahitzea zelarik, esklaba (Sayyida) moduan saltzeko edo Al Andaluseko buruzagi militar edo elijiosoen harenetara eramateko.
Dragoiaren historiak, gutxi gora behera hori kontatzen digu: Dragoia ( musulmanen gudarostea iladan desfilatzen), urtero jaisten zela (udako razziak edo saifak) Arrasateko neska politena “jateko”. Beste bertsio batean sima edo zulo bateko ahora eramaten zuten eta berriz ez zuten ikusten.
Historiak edo lejendak dirausku Arrasateko herritarrek kapitulatu, hau da itun edo paktu bat egin zutela “Dragoiarekin” : arrasatearrek jarriko ziotela neska bat,Txozagorri inguruan urtero eta horrela Dragoiaren gehiegikeriak ( normalean hasarre dauden militarrak pasatu egiten dira eta) saihesteko.
Tradizio historikotik badakigu Erretanan ( Retana, Araban) egiten zituztela musulmanek urteroko esklaba blitzeak. Eta piskat hegoalderago, Errioxan daukagu Clavijoko ehun nesken tributoaren historia.
Beste ezaugarri bat, neskak “garbia” izan behar zuen, birjina, neskutz, dontzella bat. Dirudienez hau, ezinbesteko baldintza zen harenetan sartzeko eta esklaben azoketan prezio hobean saltzeko.
Dragoiakbere buztanarekin zabaldutako bidea,ibar hondotik baino altura ertainetik zihoana zen: Untzila-Mandoña-Arrasate. Antzinatik badirudi hau izan dela bide erosoena Arrasate Arabarekin lotzeko.
Beste datu bat, Herriko plazan batzarrak egiten ziren, batzar irekiak, zotzean ateratzeko dragoiari eman beharreko neska.
Noiz erabaki zuten egoera negargarri honekin bukatzea? Lejendak kontatzen digu mutil batek erabaki zuela zerbait egitea bere nobiari egokitu edo tokatu zitzaionean Dragoiaren “janaria” izatea. Mutil hori olagizona edo errementaria zen.
Eta nola? Dragoia engainatzeko argizarizko neska baten irudia egin zuten. Dragoia iritsi zen eta irudia irensten hasi zenean argizaria estrongatu egin zitzaion estarrian. Momentu horretarako burdinazko burdin gori bat prest zeukan dragoia zulatzeko. Beste bertsio batean mutila ez zen bakarrik aritu dragoiaren kontrako burrukan, bere aldean beste gizon batzuk izan zituen. Dragoia akabatu eta bertan lurperatu zuten. Hau Arrasaten gertatu zen, Bolintxoko biribilean, handik urteetara Dragoiaren hezurrak agertzen ziren noiz behinka.
Ze ondorio atera dezakegu, pasarte honetatik, Ertaroaz dakiguna konfirmatzeko?
Maila teknolojiko polita lortu zutela, burdinazko armak Kordobako kalifatoaren indar militarrari erantzuteko beste.
Argizarizko neska ere gerra tekniken garapenaren -etsaiari tranpak egiteko gaitasuna- adierazle bat izan daiteke.
Milizia armatua antolatzeko gaitasuna, dragoiari aurre egiteko, inori baimenik eskatu gabe, ola gizon kuadrilla bat antolatu zen. Kalifatokoak ez bezala Arrasatekoak ez ziren militar profesionalak. Pertsonen duintasuna eta pertsonen arteko maitasuna defendatzeko ausardia.

Musulmanen erasoaldi hauek VIII. mendetik X. mende arte luzatu ziren. Izan ere, musulmanen kontrolpeko lurraldea gutxitzen joan zen, eta Arabara geroz eta nekezago iristen ziren. Azken ‘razziak’ Almanzorrenak izan ziren, baina agian Arrasateraino ez ziren iritsiko.
Geroago, indar gehiago izan zutenean arrasatear batzuk, dragoiaren zain egon beharrean erasora ere pasatu ziren, eta Las Navas de Tolosako gudan, 1212an parte hartu zuten, almohadeen aurka. Bataila horretan eskuratu zituzten Mondragoeko armarrian dauden kataiak.