Arrasateko Bilgune Feminista sortu berriak Topaketa Feministetara dei egiten du

0
1380

Arrasateko Bilgune Feminista sortu dugu hainbat emakumek*, herrian emakume* abertzaleon topagune izateko asmoarekin. Izan ere, aspalditik geneukan gogoa feminismoaren testuinguruan gure espazio propioa izateko; gure indarrak saretu, eta eguneroko ekintzak kolektibizatzeko. Era berean, azken hamarkadetan eraikitako militantzia eredua eraldatzeko beharra sentitzen genuen.

Testua, argazkia eta kartela: Arrasateko Bilgune Feminista.

Euskal Herriko Bilgune Feminista 2002an sortutako nazio mailako erakunde feminista eta abertzalea da, zapalkuntza hirukoitzaren aitortzatik abiatuta errealitatea aztertzen duena. Zapalkuntza hirukoitza diogunean, klase-zapalkuntzaz, sexu-genero-zapalkuntzaz eta nazio- eta kultura-zapalkuntzaz ari gara. Beraz, askotariko zapalkuntza horien elkarreraginean eta intersekzionalitatean jarduten dugu, Euskal Herri burujabe eta feminista lortzeko helburuarekin.

Badatoz Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketa Feministak
Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketa Feministak datorren abenduaren 12an egingo dira, Oreretan. Gaurtik hasi eta azaroaren 22ra bitarte egongo da bertan izena emateko aukera, https://labur.eus/6dRuY webgunean. Topaketa hauetan bi ildo nagusi jorratuko dira: batetik, harreman kolonialen begirada gaurkotu bat euskal feminismotik, eta, bestetik, post-COVID-19ak utziko duen testuingurua.

Lehenengoari dagokionez, harreman kolonialak barne zein kanpo ikuspuntutik aztertuko dira: lurralde honetatik beste herri batzuekiko bultzatutako kanpo kolonizazio prozesuak zein Euskal Herrian garatutako barne kolonizazio prozesuetan eragiten duten mekanismoak. Bigarrenaren kasuan, ordea, pandemiaren osteko testuingurua aztertuko da, bizitzaren esanahi batzuk ulertzeko sakoneko aldaketak ekarriko baititu. Hau da, paradigma honek aukera berriak sortuko dituen arren, arriskuak ere baditu, eta izango ditu: krisi egoera honek nabarmenki areagotuko ditu sistema neoliberal, heteropatriarkal, klasista, arrazista eta kolonialak eragiten dituen arrakala sozialak eta burujabetzaren galerak.

Hau guztia esanda, eskualdeko emakume* guztiei dei egiten diegu Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketa Feministetan parte hartzera. Araka ditzagun gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkigunean!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen