Eneko Carrascal, Iñigo Uribarren eta Alain Egia igo dira podiumera jauzi hirukoitzan Euskadiko txapelketan Anoetan. Malen Ruiz de Azuak pertika-jauzian urrezko domina irabazi du.
Euskadiko txapelketa pista estalian lehiatu da Anoetako belodromoan. Arrasateko atletek podiuma hartu dute jauzi hirukoitzean. Eneko Carrascalek urrezko domina eskuratu du, Iñigo Uribarrenek zilarrezkoa eta Alain Egia brontzezkoa.
60 metroko lasterketan Aitor Urangak parte hartu du 7,16 segundoko denbora eginez. Arrasatearrak Sabadelen Espainiako 20 urtez azpiko txapelketan parte hartzeko minima lortu du.
Bestalde, Malen Ruiz de Azuak pertika-jauzian urrezko domina irabazi du 4,35 metroko jauziarekin. Hurrengo astean Orensen ospatuko den Espainiako txapelketan parte hartuko du Arrasateko atletak.