ISEAk gidatutako “Aurtenbai” esplorazio-proiektuaren bidez, ID-arte eskolako ikasleek Arrasateko erdiguneko saltoki ohi bat berreskuratzeko eta belaunaldien arteko komunitatea dinamizatzeko hainbat irtenbide arkitektoniko eta sozial diseinatu dituzte.
Arrasateko erdigune historikoa dinamizatzeko eta bertako belaunaldien arteko komunitatea berpizteko helburuarekin, ISEAk “Aurtenbai” proiektuaren babespean garatutako proposamenak ezagutarazi ditu. Ekimen honen ardatz nagusietako bat Erdikokale kaleko 54. zenbakian kokatutako estetika saltoki ohia berreskuratzea da. Guztira, 12 arkitektura- eta diseinu-proposamen landu dituzte ID-arte Euskadiko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoko ikasleek, lokal horri erabilera berriak emateko asmoz.
“Aurtenbai” esplorazio-proiektua ISEAk garatu du, Mondragon Unibertsitateko Mondragon Goi Eskola Politeknikoarekin eta ID-arte eskolarekin elkarlanean. Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioa eta babesa jaso du “Etorkizuna Eraikiz – Gipuzkoa Taldean 2025” deialdiaren bidez.
Proiektuaren baitan proposatutako 12 diseinuek erabilera ugari eta anitzak aurreikusten dituzte herriko erdiguneko espazioa berpizteko. Ikasleek landutako aukeren artean daude etxebizitza turistikoa, hiru gazterentzako etxebizitza partekatua, hiru logelako etxebizitza konbentzionala, coliving ereduko bizitokia, coworking-gunea, haurtzaindegia, ikaskuntzarako baliabide-gunea, gune terapeutikoa eta sukaldaritza-tailerra.


Garatutako alternatiben artean, “Agora” lantaldearen etxebizitza turistikoaren proiektua nabarmentzen da. Proposamen honek Arrasateko nortasun historikoa eta industrial berria uztartzen ditu hiru material nagusiren bidez: paramentu zein zoladuretan erabilitako zementuzko estaldura etengabea (kaleko harrien sendotasuna gogoratzeko), intxaurrondo-egur berogarria eta burdinazko ehundura iluna sukaldean, herriko tradizio metalurgikoarekin lotura eginez. Argiztapen beroarekin zein brontzezko xehetasunekin osatu dute estetikoki sendoa den alokairu-eredu hau.
Beste alde batetik, “Arresare” taldeak gazteentzako etxebizitza partekatua diseinatu du, elkarbizitza eta lana uztartzeko helburuarekin. Sukaldea, jangela eta egongela biltzen dituen espazio ireki eta partekatua zentralizatzen du proiektuak, erabiltzaile bakoitzari bere logela pribatua eta lan-eremu ergonomikoa bermatuz. Diseinuak material jasangarriak eta malgutasuna lehenesten ditu Alde Zaharrarren izaera historikoari eusteko.

Familia edo talde handiagoei begira, “Gunea” lantaldeak hiru logelako etxebizitza bat proposatu du. Proiektu honek geometrikoki irregularra den lokalaren planta optimizatzen du, espazio komun zabal baten inguruan (sukaldea, jangela eta egongela) hiru logela -bi bakarkako eta bat bikoitza- antolatuz. Horrez gain, ganbara eta garbiketa-gune independenteak ere aurreikusi dituzte.
Proposamen inklusibo gisa, “Nexus” taldeak hiru pertsonarentzako coliving bizitokia diseinatu du. Etxebizitza honek mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako logela bat dakar, irisgarritasun osoa bermatuz. Beste bi logelek bainugela eta jantzigela propioa dituzte, eremu partekatuen (sukalde eta egongela egokituak) eta pribatuen arteko oreka bilatuz.
Azkenik, “Red7” lantaldearen proposamenak hiru edo lau lagunentzako bizitoki partekatu eskuragarriago bat eskaintzen du. Ohatze eta armairu landatuz hornitutako logelek eta sukalde osagarria duen egongela-jangela komunak osatzen dute espazio hau.











