Arrasateko 1965-1975eko irudien filma egin dute AZEk eta Iban del Campok

0
1039
Arrasate

Film berriak tartekatzen ditu Pedro ‘Laso’ argazkilari arrasatearrak garai hartan grabatutako irudiak, eta Arrasateko Telebistak egin zion elkarrizketa bateko irudiak.

1965etik 1975 ingurura Arrasaten Pedro Lasok grabaturiko irudi ugari eman zizkioten Arrasate Zientzia Elkarteari.

Pedro Sologaistoa ‘Laso’k argazki denda bat zuen Grupo San Juanen, eta “Arrasateko argazkilaria” bezala ere ezaguna zen jendartean.

Irudiak super 8 formatuan grabatu zituen, eta 40 ordu baino gehiago irauten dute. AZEk erabaki zuen hainbat irudirekin film bat egitea, eta horretarako irudi guztietatik aukeraketa bat egin zuten.

Ondoren, Iban del Campo arrasatear zinemagileari proposatu zioten film bat egitea, eta Ibanek halaxe egin zuen.

“Orain bi hilabete inguru Ibanek filmaren aurre muntaia erakutsi zigun, eta oso gustuko izan genuen”.

Hortaz gain, Iban del Campok baliatu zuen garaian Arrasateko telebistak Pedro ‘Laso’ri egindako elkarrizketa. Goienak elkarrizketaren kopia eman die egitasmo honen sustatzaileei.

Horri esker, elkarrizketako irudiak eta bobinetako irudiak tartekatu ditu Ibanek, filma osatzeko. Denera filmak ordubete inguruko iraupena du.

Larunbat honetan 100 urte beteko dira ‘Laso’ren jaio zenetik, eta horren harira, Iban del Campok filmaren trailer bat egin du, eta hemen duzue ikusgai, besteak beste.

Gainera, film osoa ekainaren 10ean aurkeztuko dute Kulturaten jendaurrean, 1965etik 1975 arteko Arrasateko irudiak erakutsiz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen