Arrasateko 111 tortura kasuen biktimek “aitortza, erreparazioa eta bermeak” behar dituzte

0
746

Emakume eta gizonen aurkako 111 tortura kasu hauetatik Guardia Zibilak 70 egin zituen, Polizia espainiarrak 40 eta Ertzaintzak 1. Inpunitatearen aurka, gaur bilkura egin da.

Gaur Torturaren Aurkako Eguna da eta Arrasateko Sortuk antolatuta, eguerdian elkarretaratzea egin da Herriko plazan.

Pankartari eusten torturak sufritu zituzten hiru arrasatear izan dira: Premin Sanpedro Larrañaga, Gorka Aztiria Etxeberria eta Josu Arkauz Arana. Eurekin batera herritar ugari azaldu dira torturaren aurka.

Nazio mailan, Euskal Herrian, 5.657 tortura kasu egiaztatu dira baina “arduradun politikoek ez dute zintzotasun ariketarik egin, ezta eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman ere”.

Areago, “tortura zuritu eta bere arduradun politikoei eta praktikara eraman dituzten polizia ezberdinei inpunitate osoa eskaintzen zaie”.

Horregatik, bilkurak galdetu du ea “zein sinesgarritasun dute, elkarbizitzaren izenean, torturaren errealitatea ixilpean mantendu nahi dutenek?”.

Diktadurako eta azken 40 urteetako tortura, “genozida frankisten eta gerra zikinaren kriminalen torturek zigorgabeturik jarraitzen dute”. Hori ukatuta, “fikziozko kontakizun bat sinestarazi nahi digute”. Hortaz gainera, “Herri honi hitza eta erabakia ukatzen dizkiote”.

Bilkurak azpimarratu du milaka torturatuek merezi dituztela “aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak, Herri honek bake eta askatasun agertoki berri batera aurrera egiteko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen