Arrasateko Udalak migrazio esperientziaren inguruko solasaldia eta lau saioko tailer praktikoa antolatu ditu Kulturaten, migrazio prozesuek pertsonengan, familietan eta komunitateetan dituzten eragin emozional eta sozialei buruz hausnartzeko eta bizipenak partekatzeko gune seguruak eskaintzeko.
Lehenengo hitzordua urriaren 20an izango da, 18:30ean, Kulturaten. Solasaldian migrazioaren arrazoiak, migrazio dolua eta egokitzapen prozesuak landuko dituzte, baita integrazioa sustatzeko tresnak ere. Saioa Marisol Abreu psikologo sistemiko transpertsonalak gidatuko du.
Horrez gain, azaroko astelehenetan lau saioko tailer praktikoa egingo dute, parte-hartzaileek beren bizipenak eta sentimenduak lantzeko, antzeko esperientziak dituzten beste pertsona batzuekin harremanak sortzeko eta identitatearen zein pertenentziaren inguruan hausnartzeko.
Tailerra azaroaren 2an, 9an, 16an eta 23an egingo da, 17:30etik 19:30era, Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan. Saio horiek ere Marisol Abreuk dinamizatuko ditu.
Tailerrean parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, Arrasateko Udalaren izen-emate plataformaren bidez: https://izenemateak.arrasate.eus.




