Oraindik ez dakigu partida nagusia zein pilotarik jokatuko duten, baina dagoeneko ezaguna da Arrasatek gizonezkoen Lau eta Erdiko txapelketa nagusiko «kontsolamendu finala» hartuko duela azaroaren 15ean. Gaur aurkeztu dute, final handia hartuko duen Bilboko Bizkaia pilotalekuan aurtengo txapelketa eta bertan argitu da Uarkapek hartuko duen lehia. Pentsatzekoa da, jaialdi horretan bertan Ander Muruak partidaren bat jokatzea, baldin eta bezperan Irunen jokatuko den B serieko finala jokatzen ez badu behintzat.
Ekitaldi berean aurkeztu dute bigarren mailako txapelketa ere eta aurrelari arrasatearrak ezagutzen ditu dagoeneko ziurtatuta dituen hiru partidak non jokatuko dituen. Zerrendaburua izanda, Ander Murua final laurdenetako ligaxkarako sailkatua dago eta B taldean arituko da Rekalderekin eta Egiguren/Salaberria eta Agirre /Zubizarreta III.a kanporaketetako irabazleekin. Urriaren 16an egingo du arrasatearrak debuta, Zornotzan, Rekalderen aurka. Bete bi partidak, urriaren 24an, Labriten, eta azaroaren 1ean, Zeanurin, jokatuko ditu. Aurrera eginez gero, finalerdian azaroaren 6an jokatuko dira, Idiazabalen eta finala, azaroaren 14an Irunen.




