Arrasate Zientzia Elkarteak antolatuta, Justo Martín historialariak hitzaldia eman zuen herenegun. Herritar mordo batek jarraitu zuen ekitaldia.
X. Arrasateko Iragana Astintzen hitzaldi zikloa izan dugu asteon ere. Izan ere, Justo Martín historialari eta Zuzenbidean doktoreak bere ezagutzak partekatu zituen ondoko hitzaldian:
‘Mondragón baluarte de Gipuzkoa y sus fueros frente a los franceses en la Guerra de la Convención (1793-1795)’ (Arrasate Gipuzkoaren eta bere foruen gotorleku frantziarren aurrean Konbentzio Gerran).
Herritar ugari Kulturateko areto nagusira bertaratu ziren, eta adi jarraitu zituzten adituaren hitzak. Martínek azaldu zuenez, Arrasatek 1793an “bere konpainiak armatu behar zituen, baina ez zuen armarik, ezta dirurik ere”.
Kinka larri hartan “herri bakoitza ez zen beste herriekin elkarlanean aritzen, eta herri bakoitzak babak bere eltzetik atera behar izan zituen”.
“Aldundiak Arrasateri esan zion zergak %4 igo zitzala, baina hori eginda ere, ez zen diru nahikoa izan. Ondorioz, Arrasatek maileguak eskatu zituen Donostian, Bilbon, Gasteizen, Burgosen,… baina xedea lortu barik”.

“Ez dakit nola, baina azkenean 9.000 erreal inguruko mailegua lortu zuen, zenbateko txikiegia, ordea”. Dirua eskatu zion ere “itsasontzi kapitain arrasatear bati, eta honengandik 1.000 dukat lortu zituen. Baina zenbateko hau nahikoa ez”.
Ondorioz “haritzak moztu behar izan zituzten egurra saltzeko, baina ez zen nahikoa izan, eta azkenean, herrientzat zerbait madakiratua egin behar izan zuen: bere hariztietako 20 ‘suerte’ saldu zituen enkante publikoan”. [‘suerte’ baten azalera 6.700 metro koadro ingurukoa da].
Horrenbestez, “Arrasatek pena handiak sufritu behar izan zituen, probintziarekiko zituen konpromisoak betetzeko”. Ondoren, estatu frantziarrak Gipuzkoa inbaditu zuenean, “espainiar ejerzitoak atzera egin zuen, eta Arrasatera etorri zen”.
“Beste herri batzuetatik benetako manadak etorri ziren, ejerzitoarekin bat egiteko, probintzia defendatze aldera. Pertsona horiek etorri egin ziren bai okupatutako herrietatik, baita okupatu gabekoetatik ere, eta tartean apaizak zeuden”.
Alabaina, “dirurik, armarik,… nahikorik ez zegoenez, Arrasatetik adierazi behar izan zen euren herrietara itzul zitezela. Drama bat izan zen”.
“Dena den, esan beharra dago Arrasatek bere azpiegitura eta baliabideak eskura jarri zituela, probintzia berrantolatu zedin. Arrasatek funtzionarioak, espazioak eta bere esku zegoen dena eman zituen”.
“Ahaldun nagusi izendatuetako bat Monterrongo kondea izan zen, eta nik dakidala, probintziarekiko jokabide leiala izan zuen. Nik uste, gai honetan bi ideia nagusi daudela”:
“Probintzia berez ez zen gatazkako parte, gatazka erregeen artekoa baitzen. Gerra giro honetan, Arrasatek bere prokuradorea Getariako Batzar Orokorrera bidali izan balu, erabakiak hartzeko preso geratuko zitekeen. Beraz, Arrasatek erabaki zuzena hartu zuen”.
“Hala egin izan ez balu, foru-sistema gipuzkoarra betiko desagertuko zitekeen. Izan ere, Madrilgo Gorteko korronte bat frantziarrek Gipuzkoa okupatzearen aldekoa zen, horrela, frantziarrak erretiratzean, Gipuzkoari foruak kentzeko”.