Arrasatek Biterin kargagailu elektriko berria jarri du martxan, mugikortasun jasangarriaren alde

0
1680

Arrasateko Udalak Biteri kalean karga-puntu elektriko berria jarri du martxan, herriko mugikortasun jasangarria eta trantsizio energetikoa bultzatzeko asmoz. Kargagailua Udalak zuzenean kudeatuko duen lehenengoa izango da, eta %100 energia berriztagarriarekin funtzionatuko du.

Biteriko karga-puntua Goiener kooperatibak hornitutako energia berriztagarriarekin elikatzen da. Horrela, ibilgailu elektrikoen erabilera sustatzeaz gain, Udalak bermatu nahi du instalazioan kontsumitzen den energia iturri garbi eta berrietatik datorrela.

Kargagailuak 22 kW-ko bi karga-puntu ditu, eta, ondorioz, bi ibilgailu aldi berean kargatzeko aukera ematen du. Zerbitzuaren prezioa 0,35 eurokoa izango da kW bakoitzeko.

Udalak azaldu duenez, instalazioa herriko trantsizio ekologikoaren eta mugikortasun jasangarriaren aldeko urrats gisa kokatzen da. Kepa Urteaga Garcia zinegotziak azpimarratu duenez, Biteriko kargagailua martxan jartzea «herria jasangarriago egiteko bidean beste mugarri bat» da, eta trantsizio energetikoak «azpiegitura publiko, irisgarri eta garbiak» behar dituela nabarmendu du.

Biteriko instalazioarekin batera, Arrasateko Udalak herriko ibilgailu elektrikoak kargatzeko sarea zabaltzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Santa Teresan bigarren kargagailu bat instalatzeko lanak amaitzear daude, eta Udalak dagoeneko hirugarren karga-puntu bat jartzeko aukerak aztertzen ari dela jakinarazi du.

Biteriko kargagailua erabiltzeko, erabiltzaileek Zunder aplikazioa deskargatu beharko dute lehenik, kontu bat sortu eta ordainketa-metodoa aukeratu. Ondoren, konektorearen datuak sartu eta kargagailuan dagoen QR kodea eskaneatu beharko dute, aplikazioak emandako jarraibideei jarraituz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen