Judith Espinosa eta Lazaro Olivenza arrasatearren jostailu-denda espezializatu honek prestatu du erakusleiho orijinalena. Komertzio txiki honek egurrezko jostailuak, trapuzko panpinak eta jostailu klasikoak saltzen ditu.
Argazkiak: Abracadabra.
Donostiako denda honek Zinemaldiaren Erakusleiho Orijinalaren saria lortu du. “Lehiaketak hiru kategoria izan ditu, eta guk orijinaltasunaren kategorian parte hartu dugu”.
80 komertzio baino gehiagok parte hartu dute, eta irabazleak epaimahai profesional batek erabaki du.

“Erakusleihoa nahiko azkar prestatu genuen, baina emaitza nahiko ona izan da” adierazi du Judith-ek apaltasunez.
Denda hau Abracadabra deitzen da eta jostailu-denda bat da “zurezko jostailuetan, trapuzko panpinetan eta jostailu klasikoetan espezializatua”.
Jostailu-denda berezi hau 2004tik martxan daukate Judith Espinosa eta Lázaro Olivenza arrasatearrek.
“Gure erakusleihoetan lan handia egin ohi dugu, eta gustuko lana da guretzat. Adibidez aurtengo udan erakusleiho oso polit bat izan dugu ikusgai, panpinezko arratoi batzuk irla batean eguzkia hartzen”.

Ondoren, “lagun batek animatu gintuen erakusleihoen Zinemaldiko txapelketan parte hartzera. Ez genuen hori egiteko asmorik, baina bururatu zitzaidan ET-ren inguruko bat egitea”.
Izan ere, “Amaia zine-aretoan ikusi nuen lehenbiziko filma izan zen, eta dendan material oso polita geneukanez, adibidez bizikleta bat eta zenbait panpin. ‘Tiburon’ eta ‘Jurassic Park’ filmak ere aintzat hartzera erabaki genuen. Hau da, hirurak Spielberg-en filmak dira”.
Gainera, zinearen inguruko produktuak ere saltzen dituztenez, proiektoreak esaterako, “erakusleihoan ere halako elementuak jarri ditugu”.

Azken finean “nahi izan dugu haurrei eta helduei zinearen ilusioa eta magia transmititzeko erakusleiho bat egin, Spielbergen film ikonikoenen bitartez. Espero dugu zuen gustukoa izatea!”.
Saria irabazteak “poza eragin digu, izan ere, lana gogoz egin ondoren saria jasotzeak poza eragiten du”. Saria 1.000 euroko erosketa-bono bat da “Donosti Market plataforman erabiltzeko, hau da, diru hori bertako komertzioan jarraitu dezan. Gu ere Donosti Marketen gaude, beste komertzio ugarik bezala. Beste bi kategorietako irabazleek ere sari berdina jaso dute”.
Gainera, sari hau ere “komertzio txikiarentzako errekonozimendu txiki bat da, egunero bertan borrokan dihardugunontzat, eta erakusleiho politak prestatzen dugunontzat. Egoera ez da erraza, baina kaleak argiztatzen eta pozten jarraitzeko pauso bat da”.

Zailtasunak zailtasun, komertzio hau aurrera egiten ari da, 2004tik martxan dago, “aspalditik bezero fidel ugari ditugu, eta oso lagungarria zaigu Donostiako turismoak, batez ere uda partean, baita urte osoan ere”.
Arrasatearrek bihar jasoko dute saria Kursaalen, zorionak Judith, Lázaro eta Abracadabra!