Arrasatear bati 4 urte eta erdiko kartzela zigorra jarri diote, emakume bat erailtzen saiatzeagatik

0
1941

Indarkeria matxistaren beste eraso bat izan zen iazko urtarrilaren 23an. Izan ere, emakume bat tiroz hiltzen saiatu ziren gizonezko iruindar bat eta emakumezko arrasatear bat. Bi auzipetuek epaiketan euren aurkako akusazioak onartu dituzte.

Indarkeria matxistak enegarren erasoa egin du, arrasatear bati lotutako erailketa saiakera bati lotuta.

Izan ere, emakume batek erailketa saiakera sufritu zuen, eta horren harira, epaiketan, Iruñeko gizonezko batek eta Arrasateko emakume batek euren aurkako akusazioak onartu dituzte.

Nafarroako Probintzia-Entzutegiak frogatutzat eman du bi auzipetuek biktima erailtzeko plan bat adostua zutela.

Horrela, Nafarroako udalerri batean, iazko urtarrilaren 23an, goizeko 07:15 aldera, bietako bakoitza bere autoan abiatu zen, gizonezkoaren emazte ohia erailtzeko.

Horretarako, gizonezko akusatuak bere autoa zuhaizti batean geratu zuen, tunel baten ondoan, emazte ohiari, autoa gidatzen ariko zenean, tiro egiteko.

Hartara, emakumezko akusatuak bere autoan inguru horretako beste leku batera joan zen, eta adostutako planari jarraituz, gizonezkoari telefonoz 07:42an abisatu zion biktima autoan iristear zela.

Goizeko 07:46ean, emazte ohia, bere autoan tuneletik irten zen, bere lantokirako bidean, senar ohiak tiro egin zion, errifle batekin.

Tiroak autoaren gidariaren atean jo zuen, baina ez zuen zorionez emakumea erail edota zauritu.

Lantokira iristean, bertan zeuden polizia-agente batzuei horren inguruan galdetu zien eta agenteek azaldu zioten tiro bat zela.

Poliziak bi akusatuak iazko urtarrilaren 27an atxilotu zituen, eta Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Iruñeko Epaitegiak bien espetxeratzea agindu zuen.

Behin-behineko espetxealdian izan ziren iazko uztailera arte, eta uztailean Nafarroako Probintzia-Entzutegian epaiketa egin zen.

Bi auzipetuek ez zuten aurrekari penalik, eta erailketa delitua saiakuntza graduan egotzi zitzaien.

Biek ala biek euren aurkako karguak onartu zituzten, eta Entzutegiak epaia duela gutxi eman du jakitera, ondoko zigorrak aginduz:

Gizonezko iruindarrari, 7 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra, bere semearekiko guraso-ahala kentzea, eta biktimarekiko 500 metro baino gutxiagora hurbiltzeko debekua 14 urtez.

Baita emazte ohiarekin komunikatzeko debekua 14 urtez, beste zigor batzuen artean. Espetxealdia bete ondoren, zaintzapeko askatasuna ezarriko zaio.

Emakumezko arrasatearrari, 4 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra, , eta biktimarekiko eta biktimaren semearekiko 500 metro baino gutxiagora hurbiltzeko debekua 14 urtez.

Baita bi pertsona horiekin komunikatzeko debekua ere, hurrenez hurren, 14 urtez eta 5 urte eta erdiz. Espetxealdia bete ondoren, zaintzapeko askatasuna ezarriko zaio.

Halaber, biek ala biek 20.000 € ordaindu behar izan zizkioten biktimari, epaiketa baino lehen.

Erasoen biktimek edo erasoen lekuko direnek, ondoko laguntza-zerbitzuak dituzte eskura, ondoko telefono zenbakietan:

Udaltzaingoa: 943 25 20 10 edo 092

Larrialdiak: 112

Eusko Jaurlaritzaren 24 ordutako zerbitzua: 900 84 01 11. Honek ez du telefono deiaren arrastorik uzten eskuko telefonoan.

Arrasateko Emakume Txokoa: 943 79 41 39

Arrasateko Gizarte Zerbitzuak: 943 25 20 07. Ez da urjentziazko kasuetan bertara deitzeko baina bai beste uneetarako.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen