Hondarribiko ontzi baten patroia da, eta guardia zibilak atzeman zuen ekainaren 27an. 601 eta 60.000 € arteko zigorra jaso dezake.
Argazkia: espainiar Gobernuaren Ordezkaritza.
Ekainaren 27an guardia zibilek Hondarribiko portuan 122 kilo hegalabur antzeman zizkion pertsona bati, ustez legez kanpo zeuzkanak.
Espainiar Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera, egun horretan espezie horren arrantza geldialdi teknikoan zegoen. “Arrantzale batek beste bat salatu zuen, saku batzuk zeramatzalako”.
Gau hartan Gipuzkoako Itsas Zerbitzuko kide batzuek ikusi zuten Hondarribiko Kirol Kaian “pertsona batek saku batzuk aisialdirako ontzi batetik lurreratzen ari zela”.
Saku horietan tamaina handiko hegalabur zatiak atzeman zituzten, “buru eta aleta gabeko zatiak”. Ondoren agenteek frantses matrikuladun ontzia miatu zuten, eta bertan “arrain zatiak eta hiru kaina aurkitu zituzten. Arrantza kostatik 19 milara egin zen”.
Miatutako ontziaren patroiari, Arrasateko gizon bati, salaketa jarri zioten ondorengo ustezko arau-hausteengatik:
“Geldialdi tekniko garaian hegalaburrak edukitzea, arrantzaturikoa zatitu izana berau ezkutatzeko asmoz, ordutegiz kanpo lurreratzea baimendu gabeko toki batean, eta lurreratzearen abisurik eman ez izana, ezta hegalaburra lurreratzearen abisurik ere”.
Horrek suposa dezake 601 eta 60.000 € arteko isuna. Atzemandako arrainak Pasaiako Portuko Lonjan pisatu zituzten, eta “122 kilo” izan ziren.
Atzemandako arraina dohaintzan eman zitzaien Pasaiako Fundación Izan-Proyecto Hombreri eta Madre Pilar Izquierdo Haurtzaindegi kristauari.
Ekainaren 27an ere, beste laketontzi bat miatu zuten, Higer lurmuturretik 4 miliara, eta araututakoa baino hegaluze eta atun moja kopuru gehiago atzeman zituzten.