Ibai-Artek tokiko merkataritza sustatzeko eta bezeroen fideltasuna saritzeko kanpaina berria jarri du martxan. Azaroaren 2tik 14ra bitartean, Arrasate Txartela erabiltzen duten herritarrek doako erosketen zozketan parte hartuko dute, automatikoki.
Kanpainarekin bat egin duten saltokietan erosi eta Caja Ruraleko datafonoen bidez Arrasate Txartelarekin ordaintzea nahikoa izango da zozketan sartzeko. Erosketa saritua denean, datafonoak emandako tiketaren behealdean “SARIA: EROSKETA DOAN. TXARTELEAN SARTUKO DA” mezua agertuko da.
Saria automatikoki sartuko da txartelaren titularraren kontuan, eta ez bezeroak ez saltokiak ez dute aparteko izapiderik egin beharko. Zenbatekoa txartelaren hileko laburpenean egiaztatu ahal izango da.
Ibai-Artek antolatu du kanpaina, Arrasateko Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomiko eta Proiektu Estrategikoen Departamentuaren laguntzarekin.
Ibai-Arteko ekimenetan parte hartu nahi duten establezimenduek 943 79 30 90 edo 688 73 41 49 telefonoetara deitu dezakete.




