Urriaren 17an, Gipuzkoako taberna eta jatetxeen II. Tripaki Lehiaketa eta Gipuzkoako harakinen IV. Tripaki Lehiaketa egingo dituzte Arrasaten. Arrasateko Udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak eta Dendarteanek antolatu dute jardunaldia, eta tripakiaren kalitatea eta herriko ostalaritza zein harategien lana balioan jartzea izango dute helburu.
Lehiaketetan Gipuzkoako taberna, jatetxe eta harategiek parte hartu ahal izango dute, doan. Ostalariek tripaki anoa bat aurkeztu beharko dute, ohiko menukoa zein lehiaketarako bereziki prestatutakoa, eta platerak gutxienez lau astez egon beharko du menuan lehiaketaren ondoren. Harategiek, berriz, 750 gramo tripaki aurkeztu beharko dituzte.
Parte hartzeko izena emateko epea urriaren 13ra arte egongo da zabalik, eta horretarako ederto@ederto.com helbidera idatzi edo 943 86 53 52 telefono zenbakira zein 671 64 34 88 WhatsApp zenbakira deitu edo mezua bidali beharko da. Epaimahaikideek laginak modu anonimoan baloratuko dituzte.
Antolatzaileek ostalaritzako laginen bilketa koordinatuko dute, eta Edertok harategietako laginak urriaren 16an jasoko ditu. Lehiaketa bakoitzean lehen hiru sailkatuek saria jasoko dute: irabazleek txapela eta garaikurra izango dituzte, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek garaikurra.
Sari banaketa urriaren 17an egingo da Arrasaten, tripakiaren inguruan antolatutako jaialdiaren barruan. Antolatzaileek Gipuzkoako ostalaritzako eta harategietako profesionalak parte hartzera animatu dituzte, tripakiaren tradizioa eta kalitatea sustatzeko.







