Arrasate Rugby Taldeko Amen Taldeak zapatuan debuta egingo du

0
1390

ARTko zenbait jokalariren amek talde hau sortu zuten martxo aldean, eta hainbat saio egin ondoren, Gasteizen debuta egingo dute Mater Series txapelketan.

Argazkia: ART.

Klub zuri-moreak larunbat honetan, Hernaniko V. Inklusibo Txapelketaz gain, beste hitzordu bat izango du: Amen Taldearen debuta.

Izan ere, martxo inguruan eman zituen aurreneko pausoak talde honek, klubeko zenbait jokalariren amak elkartu eta taldea osatzea erabaki ostean.

Horretarako, ate irekien zenbait jardunaldi antolatu dituzte azkenaldian, eredu gisa Gaztedi Errugbi Elkarteko Kamalehoiak taldea hartuta.

Ildo honetan, gasteiztarrekin zenbait saio burutu dituzte eta, Arabako hiriburuan egingo dute debuta larunbat honetan Maters Series izeneko txapelketan.

Arrasate Errugbi Taldeko amak Kamalehoiak taldearekin arituko dira eta, gasteiztar eta arrasatearrekin batera, Mungiako zenbait ordezkari izango dira.

Egunean zehar estatu espainiar osoko taldeek lehiatuko dute, eta konbinatu euskaldunak gutxienez 25 minutuko iraupena izango duten hiru partidu jokatuko ditu.

Onenen artean sailkatuz gero, arratsaldean azken fasea jokatuko dute. Horren ostean sari banaketa, ikuskizuna eta hirugarren denboraz gozatzeko parada izango dute. Aupa Amen Taldea!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen