Arrasate Rugby Taldeak ohiko batzar orokorra ospatu du gaur

0
1276

Testua: Isei Barbero

Covid-19aren krisi sanitarioaren ondorioz aste batzuetako atzerapenarekin izan bada ere, astelehen honetan (hilak 29)  Arrasate Errugbi Taldeak Ohiko Batzar Orokorra egin du.  Guztien osasuna bermatze aldera eta, horretarako baldintzak betetzen duen lokala aurkitu ezinik, ART-ko zuzendaritzak batzarra online egitea erabaki du azken orduan, horretarako Meet plataforma erabili dutela.  


Orotara 15 bazkidek hartu dute parte ezohiko batzar honetan eta, bertan, orain arteko presidente Ane Agirrek  jakinarazi du ez duela karguan jarraituko.  “10 urteko ibilbide luzearen ostean uste dut jende berriari lekukoa emateko unea iritsi dela, gogotsu eta ideia berriekin datorrena”, adierazi du orain arte klub zuri-moreko presidente izan denak.  Agintari zuri-moreak eskerrak eman dizkio “denbora honetan guztian modu batean edo bestean klubari lagundu dion jendeari” eta, era berean, bere prestutasuna agertu du zuzendaritza berriari “babesa emateko”.


2010ean heldu zen Arrasate Errugbi Taldera Ane Agirre, eta sei urtez zuzendaritzako batzarkide kargua bete ostean, 2016ko uztailean hartu zuen Ramon Barrutiaren lekukoa presidente karguan.  Gauzak horrela, hamarkada oso bat eman du klub zuri-moreko bulegoetan Agirrek.  “Oso harro nago urte hauetan guztietan egindako lanaz; bizitzan bezala, une gozoak eta garratzak bizi izan ditugu baina, oro har, esperientziaren balorazioa ezin hobea izan da”, adierazi du.  Gaineratu duenez, “denboraren poderioz nekea ere agertzen hasia da, horregatik, uste dut unerik aproposena dela jende berriari lekukoa emateko, klubari aire freskoa emateko gai dena”.


Agirrerekin batera bere batzarkide izandako Jose Luis Salaberriak eta Claudio Merchan “Kako”-k ere dimisioa aurkeztu dute eta, honenbestez, hauteskunde prozesua garatzeko egutegiaren proposamena luzatu diete bazkideei.  Honen arabera, astebeteko epea izango litzateke hautagaitzak aurkezteko, hau da, uztailaren 6ra arte.  Horren ostean, uztailaren 10erako hautagaitza guztiak aurkeztutzat emango lirateke eta, bakarra egonez gero, zuzenean kluba kudeatzen hasiko litzateke.  Bat baino gehiago egonez gero, baina, beste astebeteko epea egongo litzateke bakoitzak bere programa eta asmoak jakinarazteko, uztailak 11 eta 17 bitartean, hain justu ere.Behin hauteskunde kanpaina bezala ezagutzen duguna amaituta, eta erreflexiorako jardunaldiaren ostean, uztailaren 19an aukeratuko lukete ART-ko bazkideek zuzendaritza batzorde berria.
Esan bezala, horixe Ane Agirreren lantaldeak mahai gainean jarri duen proposamena.

Honen harira, orain arteko zuzendaritzak jakinarazi du honezkero hautagaitza bat aurkeztu dela, “Aurrera begira” izenarekin, bost pertsonez osatutakoa eta presidente izandako Ramon Barrutia buru duena.  Prozesua sinplifikatze aldera, Barrutia berak epeak laburtzea proposatu du.  Gauzak horrela, bildutakoek hautagaitzen aurkezpenak ekainak 30 eta uztailak 3 bitartean egitea adostu dute.  Hautagaitzen izendapen ofizialak uztailak 3 eta 7a bitartean egingo dira eta, esan bezala, bakarra egonez gero, aurkeztutakoa zuzenean hasiko litzateke kluba kudeatzen.  Kontrako kasuan, hauteskunde garaia hilaren 9ra arte luzatuko litzateke, egun horretan bozketa egingo litzatekela.

Datu ekonomikoak

Zuzendaritza aldaketarekin batera, arlo ekonomikoak bereganatu du arretarik handiena ART-ren Ohiko Batzar Orokorrean.  Ane Agirreren lantaldeak “gogortzat” kalifikatu du urtea, “klubarentzat diru-iturri nagusia den Garagardo Azoka ezin izan baitugu ospatu Covid-19aren osasun krisiaren ondorioz”.  Hutsune hori artisau-garagardoen salmentaren bitartez betetzen ahalegindu da klub zuri-morea, eta horrek diru-sarrera aipagarria suposatu badu ere, ez da Garagardo Azokaren maila berera iritsi.  Hala eta guztiz ere, ART-ren diru-kutxak “saneatuta” jarraitzen duela azpimarratu dute agintariek.  “Uztaila amaierara diru-kutxan 17.000 eurorekin iritsi gara, iazko kopuru bera, beraz denboraldi berriari berme guztiekin ekiteko moduan gaude, hau da, inongo mailegu eta murrizketarik egin gabe”, azaldu dute.  


Diru-sarrerak 2019-2020 ekitaldian ia 45.000 eurokoak izan dira, eta gastuak ere beste horrenbestekoak.  Urtero legez, gasturik handienak lehiaketa ofizialetik eratorritakoak –fitxak, epaileak, bidaiak, e.a.- izan dira, 21.000 pasatxo, ia erdia.  Talde teknikoan 14.000 euro baino zertxobait gehiago gastatu du ART-k aurten eta, kirol ekipamenduan eta materialean, aldiz, ia 3.300.


Diru-sarrerei dagokionez, bazkide, laguntzaile eta babesleen bitartez 24.000 euro jaso ditu klubak.   Jokalarien kuotek ere pisu handia eduki dute, 13.100 euro pasatxo.  Klubeko merchandisingarekin ia 1.800 euro jaso dira, eta beste era bateko salmentekin 3.300.

Kirol esparrua

Kirol esparruan, lehen taldeak burututako denboraldia izan dute mintzagai, eta “ezin hobea” bezala definitu dute, “partidu guztiak irabazita kategoriaz igotzea lortu baita”.  Horren garrantzia bikoitza dela azpimarratu dute, “jokalari gazte asko igo baitira lehen taldera aurten”.  Orain erronka Euskal Ligako 1. Mailan aurten erakutsitako kemenari eustea izango dela adierazi dute, “jakin baitakigu kategoria hori oso gogorra dela eta gure jokalarietako askok ez dutela esperientziarik maila horretan”.  


Jokalari kopuruari begira, behera egin duela onartu du Agirreren lantaldeak:  “Iaz 101 jokalari izan genituen orotara; aurten, aldiz, 89”.  18 urtez azpiko kategorian galdutako bost jokalariak ekarri dituzte gogora, “horiek guztiek 2020-2021 denboraldian lehen taldera egin behar baitzuten salto”.  Oro har, pozik agertu dira kategoria guztietan egindako lanarekin, baita Errugbi Eskolarekin ere, eta “erakartze kanpainekin lanean jarraitzearen garrantzia” azpimarratu dute, “baita ikastolekin elkarlana sustatzeko ere”.  Errugbi inklusiboaren gainean egindako jardunaldiak izan dute mintzagai ART-ko bazkideek.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen