ARTk talde inklusiboaren dokumentalaren trailerra aurkeztu du

0
560

Arrasate Rugby Taldeak bere talde inklusiboari buruzko ‘Lumarik Gabeko Hegoak’ dokumentalaren trailerra kaleratu du, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean. Gidoirik gabeko eta elkarrizketa zintzoetan oinarritutako 23 minutuko dokumentalak erakusten du nola kirol proiektu honek parte-hartzaileen bizitza eraldatu duen eta Debagoieneko inklusioa sustatu duen. Laister egongo da dokumentala ikusgai

Dokumentalaren helburua argia da; pertsona gehiago erakartzea proiektu honetara eta inklusioak gizartean duen garrantzia ikusaraztea. Arrasate Rugby Taldeak espero du benetako istorio hunkigarri horiek partekatzean komunitate gehiago animatzea antzeko ekimenak abian jartzera.

Proiektuaren jatorria

Arrasate Rugby Taldearen proiektu inklusiboaren sorrera kontatzen hasten da dokumentala. Klubeko entrenatzaile, dinamizatzaile eta zuzendarien ahotsen bidez, talde bat osatzeko motibazioa eta hasierako erronkak azaltzen dira, non desgaitasunen bat duten eta ez duten jokalariek elkarrekin entrenatu eta jokatu ahal izango duten.

Jokalarien esperientziak dokumentalaren bihotza

Jokalariekin elkarrizketak dokumentalaren bihotza dira. Bakoitzak bere esperientzia partekatzen du eta errugbiak nola eragin duen bere bizitzan. Desgaitasuna duten jokalariek taldean aurkitzen duten poza eta pertenentzia adierazten dute, eta desgaitasunik gabeko kideek, berriz, elkarrekin entrenatzean izaten duten enpatiari eta ikaskuntzari buruz hitz egiten dute.

Jokalarien gurasoek ere tarte esanguratsua dute dokumentalean. Emozioz kontatzen dute nola ikusi dituzten seme-alabak hazten, ez bakarrik kirol-trebetasunei dagokienez, baita konfiantzari eta soziabilitateari dagokienez ere. Gurasoek nabarmendu dute errugbi inklusiboak eragin positiboa duela seme-alaben autonomian eta ongizate orokorrean.

Jokalari guztien beharrei erantzuteko saioak

Dokumentalak taldearen entrenamenduei buruzko begirada zehatza ere eskaintzen du. Julen Barrutia entrenatzaileak jokalari guztien beharrei erantzuteko saioak nola egokitzen dituzten ikusten da. Irudiek entrenamenduen ezaugarri diren adiskidetasuna, ahalegina eta dibertsioa erakusten dute, kirola guztiontzat dela azpimarratuz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen