“Pentsio eta soldata duinak” aldarrikatzeko, Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan manifestazioak egingo dira. Arrasateko autobusa 10:15ean abiatuko da Zalduspeko geltokitik.
Argazkia: Arrasateko plataforma / Kartela: Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua.
Astelehenero legez, elkarretaratzea egin da gaur eguerdian Herriko plazan, Arrasateko Pentsionisten plataformak antolatuta.
Ekitaldian dei berezia egin da larunbat honetako mobilizazioetan parte hartzera, batez ere, Donostiako manifestazioan parte hartzera.
“Berdin dio nork gobernatu, guk pentsio duinak, soldata duinak eta zerbitzu publiko unibertsalak defendatzen ditugu”. Bide honetan, ondorengoa salatu du:
Espainiar “Gobernuak aurkeztutako lege-proiektuak helburu bakarra du: 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen murrizketei eustea eta Escriva ministroaren proiekutan aurrera egitea, lan gehiago egitea eta pentsio gutxiago kobratzea”.

Pentsionistek dei egiten diete “Estatuko Gobernuari, Kongresuko talde politikoei eta EAEko eta Nafarroako erakundeei beharrezkoa diren erabakiak har ditzatela lege-proiektua bertan behera gera dadin”.
Horretarako, Euskal Herriko plataformak antolatuta, sindikatuen eta zenbait eragileren atxikimenduarekin, ondoko manifestazioak egingo dira larunbatean:
- Iruñean 12:00etan Baluarte plazan
- Donostian 12:00etan Alderdi Ederrean
- Eibarren 12:00etan Untzaga plazan
- Gasteizen 12:00etan Artiumen
- Bilbon 17:30ean plaza eliptikoan
Arrasateko Pentsionistek dei egiten dute Gipuzkoako hiriburuko mobilizazioan parte hartzera. Horretarako, autobusa antolatu dute, zapatuan goizeko 10:15ean Zalduspeko geltokitik, Ospitale ondotik, abiatuko dena.