Tenerifen jokatutako Masters Seriea irabazi ostean, Izar Bedia, Irene Murua, Naroa Zabala eta Uxue Espartak osatutako laukoteak Bordelera bidaiatuko du. Abuztuaren 20 eta 21ean izango da txapelketa eta taldeak ‘Arrasate Ointxe’ izenpean jokatuko du. Jokalariak udaletxean izan dira gaur goizean Maider Morras alkatea eta Mikel San Miguel kirol saileko zinegotziarekin.
Nazioarteko Saskibaloi Federazioak bultzatutako 3×3 saskibaloi modalitateak gorakada handia izan du azken urteetan eta olinpikoa izatera ere pasa da. Antolatzen dituen txapelketen artean, Women Series nabarmentzen da, kontinente osoan zehar serieetan sailkatutako talderik onenak biltzen dituen lehiaketa.
Women Seriearen 2025eko Bordelen (Frantzia) egingo da, abuztuaren 20an eta 21ean. Bertan parte hartuko dute euren serieetan sailkatutako munduko 16 talde onenek. Tartean egongo da Arrasate Ointxe taldea, Tenerifen estatu mailan jokatutako seriearen finala irabazi ostean. Hiru arrasatear eta eskoriatzar batez osatuta, Izar Bediak, Irene Muruak, Naroa Zabalak, Alazne Canalesek Bordeleko Women Seriesera heltzeko, 3 lehiaketa jokatu dituzte: Bilbon, Zaragozan eta aipatu bezala, azkena Tenerifen. “Aurrekaririk gabeko mugarria da Arrasateko emakumezkoen saskibaloian, eta zalantzarik gabe, Arrasate izena mundu mailan kokatuko du” azaldu dute Ointxetik.
Gauzak horrela, Maider Morras alkatearekin eta Mikel San Miguel kirol saileko zinegotziarekin izan da Bordelera bidaiatuko duen laukotea. Udaletxera egin duten bisitan, alkateak orain arteko bidearengatik zoriondu ditu.
Arrasate Ointxe taldea
Bordelen jokatuko duen taldeak berritasun bat izango du, 19 urte bete ez dituzten jokalariek ezin dute parte hartu, eta horregatik,
Alazne Canales, Ointxe taldeko jokalari junior arrasatearrak, ezin izango du parte hartu, eta bere ordez, Uxue Esparta bilbotarra joango da, Ointxe taldeko LF2 taldeko jokalaria. Gauzak horrela, Izar Bediak, Irene Muruak eta Naroa Zabalak, Uxue Espartarekin batera, maila altuko txapelketa batean ezustekoa ematen saiatuko dira.

Estatu Batuak eta Irlanda garaitu beharko dituzte
Bordeleko azken fase honek selekzio nazionalak eta Europako 3x3ko erreferentziazko taldeak bilduko ditu; horien artean daude, besteak beste, Estatu Batuetako (AEB) eta Espainiako (ESP) taldeak, biak domina olinpikoak dituztenak (2024an Parisen, Espainia zilarra eta USAk brontzea), Frantzia, Kanada, Austria, Uganda, Amsterdam (NED), Roma (ITA) edo Bonn Baskets (GER).
Bertan lehian arituko diren jokalariak ere ezagunak dira. 2024an Parisen zilarra lortu zuen Espainako selekzioan adibidez, Vega Gimeno, Sandra Ygueravide, Juana Camilion eta Gracia Alonso de Armiño daude; FIBA 3×3 zirkuituko ohiko erreferenteaketa Orleans-eko Stop 2025 txapelketa irabazi berri dutenak. Frantzia ere bertan izango da, 3x3ko potentzia historikoa, Laëtitia Guapo edo Marie-Ève Paget izarrekin, 2024an Bordelen, Espainiaren aurka finalista.
Formatuari dagokionean, antolatzaileek aurretiko erronda bat ezarri dute, 16 parte-hartzaileetatik 6 taldek parte hartuko dutelarik, taldeen fasera sartzeko 2 plazak lortzeko. Sei talde horien artean dago Ointxe. Hiru taldeko bi multzotan banatu dira talde hauek, eta multzo bakoitzeko txapelduna bakarrik sartuko da multzoen fasera.
Arrasate Ointxeri AEBetako eta Irlandako selekzioarekin batera aritzea egokitu zaio. Ondorioz, txapelketan aurrera egiteko, bi talde indartsu hauei aurre egin eta irabazi beharko diete neskek.
Aurkari hauetatik AEB da printzipioz indartsuena, Parisko joko olinpikoetan brontzea eskuratu zueten eta 2025eko Women’s Series-en Morgan Maly, Sarah Strong, Mikaylah Williams edo Sahara Williams bezalako jokalariekin osatu dute taldea. Gainera aurten, Ulaanbaatarren txapeldunorde izan dira. Irlandako selekzioa, Grainne Dwyerek, Maura Fitzpatrickek, Abigail Raffertyk eta Claire Rockallek osatzen dute.
“Sinestezina dirudi Ointxe taldeko gure taldeak AEBko taldearen aurka munduko txapelketa bateko partida ofiziala jokatuko duela esatea. Pentsaezina da hori, eta gure neskak topera gozatzen saiatuko dira. Zorterik onena opa diegu!” adierazi dute Ointxetik.
Youtuben jarraitu ahalko da lehiaketa
Honako hauek dira Arrasate Ointxek jokatuko dituen 2 partiden ordutegiak:
- abuztuaren 20an 15:10ean Irlandako selekzioaren aurka
- abuztuaren 20an, 16:00etan, AEBko selekzioaren aurka
Arrasate Ointxek AEB eta Irlanda garaituko balitu, multzokako fasea jokatuko luke egun berean, CS Rapid Bucharest (Errumania) eta Bonn Baskets (Alemania) taldeen aurka, 18:15ean eta 21:45ean jokatuko lituzkete partida horiek hurrenez hurren. Horiek guztiak gainditu ezkero, abuztuaren 21ean final laurdenak, final erdiak eta finala jokatuko dira.
Lehiaketa ikusteko, FIBA 3×3 Youtube kanalean emakumeen 3x3serieak jarraitu ahal izango dira: https://www.youtube.com/@FIBA3x3/streams





