Beheko argazkia: Ointxe
Irlanda luzapenean 17-18 garaitu dute baina Estatu Batuak gehiago izan dira; 21-12. Gauzak horrela, Arrasate Ointxek saikatze fasean bigarren postuan amaitu du eta ezin izan du multzokako fasera aurrera egin.
Gaur hasi eta amaitu dira Arrasate Ointxerentzat Bodeleko Serieak. Erronka oso gogorra zuten aurretik neskek, Irlanda eta Estatu Batuetako selekzioak garaitu behar zituzten lehiaketan aurrera egiteko. Azken hauek, Parisko joko olinpikoetan brontzezko domina eskuratuak ziren eta gaur, Arrasate Ointxe lehiaketa honetan egote hutsa, garaipena izan dela esan daiteke.
Izar Bedia, Irene Murua, Naroa Zabala eta Uxue Espartak osatutako laukoteak bazekiten gaurkoan aukerak izateko, lehenengo partidan Irlanda garaitu beharrean zeudela, eta kostata, baina lortu dute FIBA 3x3ko txapelketa ofizialeko partida batean garaipena. Une osoan atzetik izan da Arrasate Ointxe, 7-2 aurreratu da Irlanda baina azkar estutu dute markagailua Arrasate Ointxekoek eta 9-8 jarri dira.
Hala ere, Irlandak berriro egin du ihes lau puntuko abantaila eskuratuz, partida amaitzeko 2 minutu eta 15 segundu faltan, 14-10. Azken minutua zoroa izan da, markagailua 16-14 zegoela, Irlandakoek jaurtiketa librea huts egin dute, Arrasate Ointxek ez du aukera baliatu eta ostean, Irlandak 20 segundu faltan posesioa eskuratu du, hauek ere huts egin dute. Une horretan, Irene Murua agertu da, hiruko jaurtiketa ikusgarri batekin azken segundoetan, luzapenera eraman du partida.
Luzapenean ere Irlandakoek sartu dute lehen saskiratzea. Partida irabazteko ordea, bi puntu egin behar dira 3×3 modalitatean, eta hor ere Muruak berea egin du, bi saskiratze ederrekin Arrasate Ointxeri garaipen historikoa eman dio. 12 puntu sartuta gainera, partida horretako onena izan da datorren denboraldian IDK Euskotrenen jokatuko duen Irene Murua arrasatearra.
Estatu Batuen aurka ezustekorik ez
Estatu Batuen selekzioaren aurkakoa izan da Arrasate Ointxek jokatu duen bigarren eta azken partida. Ondo hasi da Arrasate Ointxe eta une batean USA garaitzeko gai izan zitezkeela ziruditen, izan ere, 3-3 berdinduta zeuden partidako lehen laurdena igarota. Hala ere, amerikarrak duten maila erakusten hasi direnean tartea gizentzen hasi dira eta azkenean, 10 minutuako jokatu aurretik iritsi dira garaitzeko behar zituzten 21 puntuetara, 21-12 amaieran.
Bordeleko bidaia amaitu arren, Arrasate eta Ointxe, mundu mailako txapelketa batera eraman dituzte Izar Bedia, Irene Muruak Naroa Zabala, Uxue Espartak eta lehiaketa honetara sailkatzeko bidean lehiatu duen Alazne Canalesek. Zorionak guztioi!





