Arrasate Musikaleko 50 urteko oroitzapenak ikus daitezke Kulturaten

0
772

Gaur arratsaldean, Arrasate Musikal 50 urteko historiaren erakusketa inauguratu da Kulturateko Klaustroan. Erakusketaren inaugurazioan irakasleak, ikasleak eta haien familiak bildu dira, baita urte hauetan musika eskolako familia osatu duten pertsona asko ere. Arrasateko Udalaren ordezkaritza ere izan dute. Arrasateko alkatea Maria Ubarretxenak Arrasate Musikal zoriondu du bere 50. urteurrenean, eta musika eskolak herrian musika hezkuntza sustatzeko egin duen lana eskertu du. “Beste 50 urte betetzea opa dizuegu.”

Ondoren, Marta Izagirre Arrasate Musikaleko zuzendariak hartu du hitza. Aurkezpenera bertaratutako guztiei eskerrak eman dizkie eta Arrasate Musikalaren historian zehar ibilbide txiki bat egin du, 1972an hasi zenetik, Juan Arzamendiren eskutik, gaur egunera arte. Gaur egun, 30 irakaslek eta 500 ikaslek osatzen dute musika eskola. Musika eskola sortu aurretik eta sortu bitartean lan egin zutenak gogoratu ditu, baita urte hauetan Arrasate Musikaletik igaro diren zuzendari eta irakasleak ere.

Erakusketak 17 panel ditu, Arrasate Musikalen historiari errepasoa egiten dioten argazkiak, dokumentuak, jantziak eta tresnak ikusgai daude. Izagirrek eskerrak eman dizkie Arrasate Zientzia Elkarteari, Josemari Velez de Mendizabali, Artgazki elkarteari eta Arrasate Musikaleko kideei erakusketan agertzen den material guztia biltzeko egin duten lanagatik. Erakusketa azaroaren 25era arte egongo da zabalik.

Arrasate Musikali eskainitako erakusketa izanik, musika ezin zen falta. Musika eskolako hari taldeak abesti batzuk jo ditu, eta horietako batzuetan Eduardo Arzamendi izan dute lagun.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen