Arrasate Musikalek, Goikobaluk eta AGAk JAMEko giltzak jaso dituzte

0
2237

Gaur arratsaldean Juan Arzamendi Musika Eskolaren inaugurazio ofiziala egin da, eta azkenik, Arrasate Musikalek, Goikobaluk eta AGAk euren etxe berriaren giltzak jaso dituzte. Kanpoko aldean edukiera-muga dela eta, pantaila bat jarri da, eta horren bidez jarraitu ahal izan da musika eskolako aretoan egin den ekitaldia.

Ekitaldia Arrasate Musikaleko bandaren kalejira batekin hasi da, Monterronetik musika eskola berrira. Arrasate Musikaleko eta Goikobaluko kideez gain, Arrasateko Udaleko alderdi politikoetako ordezkariak, Guillermo Etxenike Gobernu zentralaren ordezkaria Gipuzkoan, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako kontseilaria, Maria Jose Telleria Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua, besteak beste, izan dira inaugurazioan.

Ekitaldian ere Juan Arzamendiren familia izan da, ohorezko aurreskuarekin omendu dituzte eta lore sorta bat jaso dute. Ondoren, Goikobaluk lagunduta, Arrasate Musikaleko bandak Arzamendik konposatutako eskolako ereserkia interpretatu du. Arzamendiren seme-alabek ireki dute atea, eta gurutzatzen lehenak Marta Izagirre Arrasate Musikaleko zuzendaria, Maider Ruiz Goikobaluren ordezkaria eta Maria Ubarretxena alkatea izan dira.

Areto barruan, Igor Larrañaga Arrasate Musikaleko kideak ongietorria eta eskerrak eman dizkie bertaratutako guztiei eta Arrasate Musikalen ibilbidea gogoratu du. Maria Ubarretxenak bat egin du Larrañagaren hitzekin, eta azaldu duenez “beharrezkoa zen Arrasate Musikal bere etxera itzultzea.” Ondoren, hiru hari-talde, metal boskote bat eta dantza talde bat aritu dira. Azkenean, Goikobalu igo da agertokira. Ekitaldia amaitzeko, lunch bat eginda.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen