Arrasate Musikalek eta Arrasate Rugby Taldeak gabonetako argiak piztuko dituzte aurten

0
267

Musika eskolak eta errugbi taldeak euren 50. urteurrenak ospatzen dituzte.

Gaur goizean aurkeztu da Arrasateko Udalak bigarren urtez Ibai-Arterekin elkarlanean antolatu duen Gabonetako egitaraua. Gabonetako argiak piztuta jai-egitaraua nork hasiko duen ere jakinarazi dute. Aurten Arrasate Musikal eta Arrasate Rugby Taldea izango dira argiak piztuko dituztenak, musika eskolak eta errugbi taldeak euren 50. urteurrena ospatzen baidituzte aurten. Aurkezpenean izan dira Maria Ubarretxena alkatea, Amaia Ceciaga Merkataritzako zinegotzia, Ion Apraiz Ibai-Arteren ordezkaria, Arrasate Musikaleko Edorta Ayastuy eta Marta Izagirre eta Arrasate Rugby Taldeko Ramon Barrutia.

Argiak abenduaren 1ean piztuko dira, arratsaldeko 19:00etan, Herriko plazan. Maria Ubarretxenak goraipatu nahi izan du “50 urte hauetan, bai Arrasate Musikal, bai Arrasate Rugby Taldea Arrasaten kultura eta kirola bultzatzen egindako lana.” Azpimarratu du ere “elkarte biak inklusioaren alde egin duten lan handia ere.” Urtero bezala Goikobaluko haurrek ekitaldian parte hartuko dute. Aurten, gainera, Arrasate Musikalen laguntza izango dute.”

Ramon Barrutia Arrasate Rugby Taldeko presidenteak eskerrak eman dizkio Udalari “aurten Gabonetako argiak piztu eta Arrasate Musikalekin batera egiteagatik. “Kluba adin guztietako jendea erakartzen saiatzen den aldaketa prozesu batean murgilduta dagoela” ere azaldu du. “Guretzat oso garrantzitsua da inklusioa ere eta norabide horretan lan egitea.”

Marta Izagirre Arrasate Musikaleko zuzendariak Arrasate Rugby Taldearekin betidanik izan duten batasuna nabarmendu nahi izan du, “Jose Ramon Vitoriak ‘Bultza eta Bultza’ taldearen ereserkia konposatu baitzuen. Askotan interpretatu dugu eta askoz gehiago izatea espero dugu. 50 urte hauetan, bi elkarteak bultzaka aritu gara gure lana egiteko, ahalegin handiz. Era berean, inklusioak Arrasate Musikalentzat duen garrantzia nabarmendu du Izagirrek, “mundu guztiari musikaz gozatzeko aukera eman nahi diogu.”

Udalak aurten iragarri duen bezala, argiak aurreko urtean baino bi ordu gutxiago piztuko dira, arratsaldeko 18:30etik gaueko 10:00etara. Ubarretxenak azaldu duenez, “Gabonetako argien kostua 600 eurokoa izan zen iaz, eta aurten gastua txikiagoa izatea nahi dugu. Argi guztiak iraunkorrak eta kontsumo txikikoak dira. Gainera, aurten ez da Gabonetako argien zuhaitza jarriko. Honen ordez, herriko hainbat auzotan konifera naturalak apainduko dira.”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen