Arrasate Judo Elkarteko infantilak maila onean aritu dira Avileseko Superkopan

0
2323

Arrasate Judo Elkarteko infantil mailako judokek Avileseko Espainiako Superkopan parte hartu zuten joan den asteburuan. Espainiako egutegiko txapelketa jendetsuen eta maila handienekoetako bat da, eta aurten 1.800 judoka baino gehiago bildu ditu, hiru kategoriatan banatuta.

Igandean zehar, borroka gogor eta exijenteak izan zituzten Arrasateko ordezkariek. Nabarmentzekoa izan zen Iker eta Ane Aranegitarren jarduna: biek lortu zuten Espainiako rankingerako puntuak batzea, nahiz eta emaitzek zapore gazi-gozoa utzi zuten.

Ikerren kasuan, judo seguru eta teknikoari esker, kanporaketak gainditu zituen finalaurrekora iritsi arte. Han, epaimahaiaren erabaki polemiko baten ondorioz, finalerako sailkapena galdu zuen. Jarraian jokatu zuen brontzezko dominaren lehia, baina ez zuen lortu aurreko borrokaren ondoren behar besteko kontzentrazioa berreskuratzea.

Anek, berriz, lesio luze baten ondoren minik gabe jokatu zuen lehen txapelketa. Zozketak ez zion alde egin, eta hirugarren kanporaketan galdu zuen azkenean txapeldun izango zen Valentziako judokaren aurka, borroka luze baten ostean. Hala ere, ez zuen amore eman, eta errepeskan jokatutako borroka guztiak irabazi zituen brontzezko dominaren lehiara iritsi arte. Azken borrokan, zortzi minutu baino gehiago iraun zuen norgehiagoka gogorraren ondoren, Balear Uharteetako aurkariak eskuratu zuen domina.

Aranegitarrek, beraz, Espainiako rankingeko goiko postuetan jarraitzen dute. Gainerako ordezkariek ere aurrerapausoak erakutsi zituzten tatamian, eta klubaren arabera, nabarmen ari dira beren maila hobetzen. Hauek izan ziren parte-hartzaileak: Julen Garai, Araitz Texeira, Naia Barriocanal, Nora Davila eta Ohian Castillo.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen