Arrasate Institutua: “Aurrez aurreko klaseetara itzulera mailaka eta ikasleen beharren arabera egingo da”

0
439

Batxilergo bigarren mailako ikasleei ekainaren 2tik aurrera klase presentzialak eskainiko dizkie. DBH 4 eta 1. Batxilergoko aurrez-aurreko errekuperazio klaseak abian jarriko dira beharra daukaten ikasleentzat ekainaren hasieran ere. Gainontzeko ikasle guztiekin, 1. 2. eta 3. DBHko ikasleak barne, ikasturtea online bukatuko da.

Beheko testua: Arrasate Institutua.

Aurrez-aurreko klaseetara itzulera mailaka eta ikasleen beharren arabera egingo da Arrasate Institutuan

Arrasate Institutua osasun larrialdi egoera honetan kalitatezko hezkuntza publikoa eskaintzen jarraitzeko buru-belarri dabil lanean martxotik. Azken urteetan Institutuak garatutako digitalizazio prozesuak kontestu berrira bizkortasunez egokitzea ahalbidetu du. Izan ere, alarma-egoera aktibatu aurretik DBH-ko ikasle guztiek bazeukaten ordenagailu propioa etxetik lan egin ahal izateko, hezkuntza komunitatearen parte-hartzea bultzatzeko bide telematikoak martxan zeuden, eta ikastetxeko lan pedagogikoa neurri handi batean modu digitalean egiten zen.

Martxoaren 13an aurrez-aurreko klaseak eten ziren momentutik Institutuak antolakuntza osoa birpentsatu du, online lan egiteko ordutegiak, espazioaketa koordinazio eta komunikazio bideak moldatuz egun batetik bestera. Egokitzapen hau egiteko ondorengo hiru ardatz nagusiei arreta berezia eskaini zaie: ikasleen autonomia sustatu eta ahalbidetu, ikasleen hezkuntza behar desberdinei erantzun eta tutoretzaren bitartez gazteek bizi duten egoera emozionala artatu.
Koronabirusaren kutsatze maila gorena behin gaindituta, normaltasunera buelta era seguru eta osasungarrian egitea du helburu Institutuak. Horretarako, klase presentzialetara itzulera mailaka eta ikasleen beharren arabera egitea adostu du bertako Mintegi Buruen Batzordeak.

Gauzak horrela, ondorengoa erabaki da:

  • Selektibitatea prestatzen diharduten Batxilergo bigarren mailako ikasleei ekainaren 2tik aurrera klase presentzialak eskainiko zaizkie online egiten ari diren lana erreforzatzeko.
  • DBH 4 eta 1. Batxilergoko aurrez-aurreko errekuperazio klaseak abian jarriko dira beharra daukaten ikasleentzat ekainaren hasieran ere.
  • Gainontzeko ikasle guztiekin, 1. 2. eta 3. DBHko ikasleak barne, ikasturtea online bukatuko da. Ohiko azterketak ere online burutuko dira. Dagoeneko programazio guztia egokitu da jarduera pedagogikoa online modalitatean garatu ahal izateko ikasturte amaiera arte.
  • Ikastetxeko idazkaritzak zabalik jarraituko du batxilergoko aurrematrikula prozesua gauzatu ahal izateko.

Eskolak telematikoki ematen ari diren bitartean, bai ikasleen eta baita irakasleen osasuna zaintzeko beharrezkoak diren segurtasun eta higiene neurriak bermatzeko ikastetxea prestatzen dihardu Institutuko lantaldeak: garbiketa eta desinfekzio lanak egin eta aurrerantzean lan hauek modu intentsiboan egiteko prestatu, klaseak talde txikietan emateko gelak antolatu, pilaketak ez gertatzeko ikasleen sarrera eta irteera ibilbideak antolatu, etab.

Gainera, babes neurriak guztioi ulertarazteko eta denon inplikazioa lortzeko prestakuntza eta informazio jarduerak egingo dira.

Eskola publikoa den heinean, Arrasate Institutuak ikasle guztien aukera-berdintasunerantz eta ekitaterantz aurrera egitea du helburu, beti ere ikasle, irakasle eta gainontzeko langileen osasuna eta segurtasuna bermatuz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen