Arrasate Herri Eskolak, positibo baten ondorioz, plana aplikatu du eta 24 haur koarentenan dira

0
2831

AHEk (landutako kontingentzia-plana aplikatuz) positiboak inguruan izandako ikaskideak berrogeialdian dira. AHEko zuzendariak azpimarratu du “gauzak ahalik eta ondoen egiten jarraituko dugula”.

Erguin Herri Eskolako DBHko 5. mailako ikasle batek atzo (osteguna) positibo eman zuen. Ondorioz, “astelehenean berarekin klasean egondako ikasleak konfinatu behar izan dira”, AHEk baieztatu digunez.

“Ordea, astelehenean eskolara joan ez ziren klasekideek ez dute koarentena egin beharrik – azaldu du AHEko zuzendariak – . Beraz, ez da beharrezkoa izan gela osoa bertan behera uztea”.

Neurriak hartzeko “kontuan hartu dugu ikasle hori zein esparrutan egon den, adibidez jangelan egon den edo ez. Zentzu honetan, koronabirusari aurre egiteko, jangelan txanda bakarra jarri ordez, bi txanda jarri ditugu, hala jantokian ere burbuilak mantendu ahal izateko”.

Positibo emandako pertsonak “astelehenean jangelan bazkaldu zuen bere burbuilakoekin, hau da, bere gelako ikasle batzurekin. Beraz, astelehenean berarekin jan zutenak berrogeialdian daude”.

Arrasate Herri Eskolaren beste esparru bat garraioa da: “Autobusean ezinezkoa zaigu eskolan ditugun burbuilak mantentzea, baina ikasleak maskara jantzita etortzen dira. Hala ere, ezinezkoa da elkarren arteko bi metroko distantzia mantentzea”.

Horrek ez du esan gura “ikasle horrek erabilitako autobuseko bidaiari denak berrogeialdian daudenik, baizik eta autobusean bere inguruan eseritako ikasleak koarentenan daudela, hain zuzen: bere aurrean eseritako bi ikasleak, bere aldameneko biak eta bere atzeko beste biak”.

Beraz, “denera 24 ikasle konfinatu behar izan dira. Konfinamenduaren fasean Osakidetzari dagokio familiekin harremanetan jartzea, adibidez PCR testetaz informatzeko, konfinamenduko egun kopuruaz informatzeko,…”.

Arrasate Herri Eskolak adierazi du “gu eskola handia garela eta 3 kontingentzia-plan egin behar izan ditugu. Positiboa eskola handienean suertatu da (Erguingo ikastetxean). Hau guztia lan ikaragarria eskatzen ari zaigu, baina irakasleek, lan-taldeak,… ezin hobeto dihardute, 10eko nota merezi dute”.

Kontingentzia-plana “oso landuta daukagu, eta egunerokotasunetik ikasiz plana hobetzen dihardugu egunez egun. Ildo horretan, eskola toki nahiko segurua da, baina beste gauza bat da Hezkuntzaren aldetik umezurtz sentitzen garela, giza baliabide eta baliabide material nahikoekin hornitzen ez gaituelako. Arrasate Herri Eskolaren lana hemengo lantaldearen emaitza da”.

Arrasate Herri Eskolak familiei lasaitasun mezu bat helarazi nahi die: “Gauzak ahalik eta ondoen egiten jarraituko dugu, eta errespetu mezu bat adierazi nahi diegu, izan ere, AHEk 8 autobus erabiltzen ditu eta hori beste foku bat izan daiteke. Ondorioz, familiak animatzen gabiltza eskolara oinez etor daitezen, ahal duten neurrian”.

Zentzu honetan “Mugikortasun Aste hau baliatu nahi dugu, Arrasateko Udalarekin eta Udalako Ingurumen Eskolarekin koordinaturik. Horrela, begiraleak jarri nahi ditugu herriko toki batzuetan haurrak eskolara oinez etor daitezen”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen