Arrasate eta Gipuzkoako saguzarren bideoa egin dute Naturtzaindiak eta Dragoi Produkzioek

0
291

Saguzarrek, inguratzen gaituzten ekosisteetan funtsezko papera betetzen dute, intsektuen populazioak kontrolatzearekin ikaragarrizko zerbitzu ordezkaezin bat eskainiz. Tamalez, Europa mailan saguzar espezie ezberdinen populazioak gainberan daude eta, hau batez ere, giza jarduerei egotzi diezaiekegu.

Testua: Naturtzaindia / Argazkiak: Dragoi Produkzioak

Naturtzaindia Elkartea fauna talde hau hobeto ezagutzeko eta bere kontserbazioan laguntzeko lanean ari da, eta horren zabalkundean laguntzeko ikus-entzunezkoa sortu du Dragoi Produkzioekin elkarlanean eta Arrasateko Udalaren 2020 urteko diru laguntza programak babestuta.

‘Miniopterus schreibersii’ Arrasateko koba batean.

Lana bi hizkuntzetan egin da, nahiz eta euskarak lehentasuna izan duen, azpitituluak ezarri dira, bai erderazko, eta baita euskarazko elkarrizketatuak ageri direnean ere.

Grabaketa egiteko, saguzarrak ikertzeko egiten diren ohiko lanak grabatu dira, artxiboko beste irudi batzuekin uztartuz eta lerro hauek jorratuz:

  • Naturtzaindia Elkartearen helburuak eta ekarpena Gipuzkoako saguzarren ikerketan.
  • Kiropteroen ordeneko animalien aniztasuna, oinarrizko biologia eta funtzio ekologikoa.
  • Gipuzkoako saguzarren ikerketan erabiltzen diren metodoak.
  • Saguzarren kontserbazio egoera EAEn eta daukaten mehatxu nagusiak.
  • Saguzarren kontserbazio premiak.

Ikus-entzunezkoaren grabaketak egiteko, batez ere, uda amaieran eta udazken hasieran gertatzen den swarming fenomenoaz baliatu gara animalien irudiak hartzeko. Fenomeno honek egiten du espezie askotako aleak agertzea momentu eta toki jakin batzuetan, ugalketa garaia delako, hain zuzen ere.

Arrasaten ez daukagu identifikaturik swarming-a gertatzen den enplazamendurik, momentuz behintzat. Horregatik Asteasura joan beharra izan genuen ahalik eta espezie gehienen irudiak hartu ahal izateko eta ikus-entzunezkoa aberatsa geratzeko. Asteasuko Sagai Zelai koban jaso ditugunez orain arteko saguzar aniztasun handienetakoa Gipuzkoan, bertan egin dugu sare kiropterologiko bidezko harrapaketak eta zegokion grabaketak.

Arrasateko hainbat kobetan jaso ditugu irudi ikusgarrai asko; Schreibersii saguzarraren kolonia bizia lozorroaren aurretik eta ferrasaguzar handien aleak jadanik lozorroan. Bestalde, elkarrizketa guztiak San Balerioko berdegunean egin genituen bertako paisaia ederra lagun izanik.

Azkenik, saguzarren babes-kutxak barrutik grabatzeko beharrezkoak izan ditugu okupatutako kutxak lokalizatzea, lehenbizi. Arrasaten (San Balerion) ditugun babes-kutxak okupazio-zantzuak erakutsi duten arren (guanoa eta ale bakarren bat) grabaketaren egunetan ez genuen zorterik izan kutxak okupatuak ikusteko, horregatik, Bergarara joan behar izan genuen bertako kutxek okupazio maila handia dutelako eta han jaso genituen irudi polit batzuk.

Lortutako emaitzaren balorazioa oso positiboa da Naturtzaindia Elkartearen aldetik. Ikus-entzunezko xume bat egiteko asmoarekin hasitako proiektu honek fruitu ikusgarriak eman dituelako, maila handiko dokumental honekin. Irudien kalitatea ikusgarria izan da, baita edukien antolamendua ere.

Espero dugu gure hasierako helburua betetzea eta hausnarketarako bidea zabaltzea saguzarrek ekosistemetan daukaten funtzio ekologikoaren inguruan eta baita habitat naturalen leheneratzeak duen garrantzian. Zalantza barik proiektu honek lagundu dezake ingurumenaren ezaguntza eta zaintza ardatz duten jardueretan, etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresna eskainiz.

Naturtzaindiaren atarian aurkituko duzue lana:

naturtzaindia.com

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen