Arrasate Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzea egingo du ostiralean, pentsio, lan eta bizitza duinaren alde

0
336

Elkarretaratzea arratsaldeko 19:00etan Herriko plazan egingo da.

Testua eta kartela: Arrasate Eskubide Sozialen Karta.

Urtarrilaren 30ean pentsio, lan eta bizitza duinaren aldeko ehunka arrasatearrok greba orokorra egin eta herriko kaleak hartu genituen. Ondorengo hilabeteetan Euskal Herrian gertatu denak gordintasun osoz erakutsi digu zuzen genbiltzala. Azken hilabete hauetan gertatu den guztiak are eta ikusgarriago egin dute sistema kapitalistak ez duela funtzionatzen. Azken hilabete hauetan gertatu den guztiak frogatu du gobernatzen gaituztenak direla bide okerretik zuzen doazenak.

Urtarrilaren 30ean kalera irten ginen arrasatearrok atzean utzi nahi dugu osasun krisi bati erantzuteko gai ez den ekoizpen eredu hau. Pertsonak, herriak eta planeta babestea lehenetsi behar da, ez merkatua, eliteen etekin ekonomikoa eta jabetza pribatua.

Momentuko egoerari aurre egiteko neurriekin batera, zaintzak eta bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema berria eraikitzeko garaia da. Eskubide sozialak —osasuna, hezkuntza, elikadura osasuntsua, etxebizitza, kultura— bermatzeko burujabetzak aldarrikatzen ditugu, gure herriaren etorkizuna eta eredu sozioekonomiko berria garatzeko ahalmen osoa izateko.

Asko dira zuzendu beharreko okerrak, asko dira ditugun arrazoiak eta arrasatear askoren ekarpen antolatuarekin lortuko dugu bizitza erdigunean jartzea, zaintza, lan duina eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emanez. Eredu sozioekonomiko berria ezinbestekoa da, erabateko norabide aldaketa exijitzen du eta ez gara gutxiagorekin konformatuko.

Ostiral honetan, Ekainaren 19an, eman dezagun pausu berri bat eta elkartu gaitezen arratsaldeko 19:00etan Herriko plazan. Aldarrikapenez betetako ekimen bat izango da.

Batuta indartsuagoak gara!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen