Arrasateko talde nagusi guztiek Udaberriko Oporren aurreko azken jardunaldia jokatuko dute asteburu honetan eta aho zapore goxoarekin amaitu nahi dute denboraldiaren fase hau. Kanpoan jokatzen duen arren, bereziki, garrantzitsua da Arrasate Eskubaloiko mutilek Urnietan jokatuko duten partida, denboraldiko azkena izateaz harago, maila jaisteko aukera, egon, badagoelako. Hamabi taldez osatutako sailkapenean, arrasatearrak bederatzigarren postuan dira eta justu zortzigarren postuan diren taldearen aurka jokatuko dute. Garaipena eskuratuta, mailari eustea ziurtatuta lukete, ostantzean azpitik dituzten taldeen emaitzen zain egon beharko dute. Printzipioz, azken bi taldeak jaitsiko dira eta Urola kondenaturik dago dagoeneko. Beste postua Txingudi, Pulpo eta Arrasateren artean legoke. Arrasatek 16 puntu ditu, Pulpok bezala, eta bat gutxiago Txingudik. Bi aurkari zuzenek ere etxetik kanpo jokatzen dute, sailkapenaren erditik gora dauden taldeen aurka, beraz, ez dute partida errazik izango.
Asteburuko beste hitzordu garrantzitsu bat, igandeko Mojategiko derbiak izango dira. Zuri-moreek gora begira jarraitu nahi dute eta horretarako ezinbestekoa izango dute Bergarari irabaztea, arratsaldeko 16:30etatik aurrera. Bailarako futbolaren festarekin jarraitzeko, Mondrako neskek Debagoiena Bailara B taldearen aurka jokatuko dute Kopako partida.
Mondragon Unibertsitatea, Iturripen
Ointxeri dagokionean Mondragon Unibertsitateko mutilek atzerako kontaketarekin jarraitzen dute eta aurreko asteburuan Easori irabazi ostean, Amurrio hartuko dute igandean Iturripen (19.15etan), lehen postu horri eusteko asmoz. Arabarrak zazpigarren dira sailkapenean eta euren partidak puntu gutxikoak izan ohi dira. 21. garaipena eskuratuta, igoera eskura lukete arrasatearrek.
Smartlog Ointxeko neskek, euren aldetik, etxetik kanpo, baina nahikoa gertu jokatuko dute, Barakaldori egingo baitiote bisita, bihar arratsaldeko bostetan hasita. Aurkari zuzenen arteko partida dela esan genezake, bizkaitarrek arrasatearrek baino garaipen bat gehiago baino ez dutelako. Taularen erdialdean dagoen beste talde bati irabazita, oporrak askoz gehiago disfrutatuko dituzte.
Errugbiari dagokionez, gizonezkoen senior mailako Euskal Liga azken txanpan sartuta dago jada, eta asteburu honetan sailkapen faseko azkenaurreko jardunaldia jokatuko da. Honen baitan, Kanpanzar Arrasatek etxean jokatuko du, Errioxa bisitari izango dela. Sarrailagileen eta errioxarren arteko lehia igande eguerdian jokatuko da, 12:30ean hasita, eta bertan Julen Barrutiaren mutilek azken bi porrotak ahaztu eta garaipenaren bidera itzultzea bilatuko dute.
Izan ere, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilak denboraldiko boladarik txarrenean murgilduta daude, azken bi asteburuetan, Getxok Mojategira egindako bisitan eta pasa den zapatuan Baztanen jokatutako partiduan, porrotak jaso eta gero. Hala eta guztiz ere Julen Barrutiaren mutilek oraindik bigarren postuari eusten diote, eta igoera fasea jokatzea bermatuta baldin badaukate ere, ligaska postu horretan amaitzea bilatuko dute.
Mutilek ez bezala, senior mailako neskek etxetik kanpo jokatuko dute, Iruñean. Urgozo eta Elorriorekin osatutako Geurea RT-k La Unicari egingo dio bisita zapatuan, eta arratsaldeko 16:30eatik aurrera hilabetea biribiltzea bilatuko du. Izan ere, konbinatu euskaldunak martxoan jokatutako partidu guztiak irabazi ditu, azkena pasa den asteburuan, Mojategin, Hernaniren kontra.
Mondrate, bere aldetik, oporrez gozatzen dago dagoeneko, bere lehen postuaren erosotasunetik.




