Beheko testua eta argazkia: Isei Barbero
Honezkero Arrasate Errugbi Taldea martxan da, aste batzuk barru abiatuko den 2023-2024 denboraldia prestatze aldera. Aurtengo ikasturtean ere klubeko kirol-zuzendari eta lehen taldeko entrenatzailea Julen Barrutia izango da eta, aditzera eman duenez, “gogotsu” dira talde guztiak, “denboraldi berri bati ekiteko irrikan”.
Lanean hastean lehenak senior mailako mutilak izan dira, abuztuaren 21ean ekin baitzioten aurre-denboraldiari. “Momentuz 30 jokalari inguru dabiltza entrenatzen baina, urtero legez, batzuk oraindik ez dakite jokatzeko fitxa aterako duten edo ez”, azaldu digu teknikari zuri-moreak. Lesioak direla medio, iazko urtetik ona baja batzuk izan direla gaineratu du Barrutiak, halere, “oso pozik nago daukagun jokalari kopuruarekin”.
Urtero legez, gizonezkoen Euskal Liga urria hasieran jarriko da martxan, “Maritxu Kajoi inguruan”, eta ordura arte gogotsu entrenatzen jarraituko dute Barrutiaren mutilek. Momentuz hitzordurik lotuta ez badute ere, Kanpanzar Arrasateko entrenatzailek dio “litekeena dela liga hasi aurretik lagunarteko partiduren bat edo beste jokatzea”.
Gainontzeko taldeak ere martxan
Esan bezala, senior mailako mutilena ez da Arrasate Errugbi Taldeko salbuespena, honezkero klubeko talde guztiak lanean baitira. Mutilak baino egun batzuk beranduago neskak hasi ziren entrenatzen eta, abuztutik aurrera, egunetik egunera, klubeko ekipo guztiak hasi dira Mojategiko berdegune berria probatzen.
Senior mailako mutilak, momentuz, astean hiru egun ari dira entrenatzen: astelehen, astearte eta ostegunetan, 19:00etatik aurrera. Nesken txanda astelehen eta asteazkenetan izaten ari da, kasu honetan ere, 19:00etan hasita. Gainontzeko taldeek astearte eta ostegunetan egiten dute salto berdegunera: 18 urtez azpikoek 19:30ean eta, bi ordu lehenago, 17:30ean, 16 eta 14 urtez azpikoek. Ohi bezala, Errugbi Eskola eta Inklusiboko neska-mutikoen txanda igandetan izaten da, 10:30eak eta 12:00ak bitartean.
Azkenik, aipatu beharra dago aste honetan ere Pirolitikak amen taldea hasiko dela entrenatzen. Kasu honetan entrenamenduak asteazkenetan burutuko dira, 19:00etatik aurrera. “Esan beharrik ez dago, nahi duenak, edozein adina duela, Mojategiko ateak parez pare zabalik dituela Arrasate Errugbi Taldeko familiarekin bat egiteko”, dio klub zuri-moreko kirol-zuzendari Julen Barrutiak.