Berrogeita hamargarren urteurrenaren baitan, Julian Gallo Cacho eta Jose Mari Lizaranzu ‘Mozo’k ohorezko sakea egingo dute gizonezkoen taldearen partiduan, zapatu honetan 16:30ean.
Beheko testua eta argazki historikoak: Isei Barbero – ART / Egungo argazkiak: Julian Gallo eta MB artxiboa.
Arrasate Errugbi Taldeko 50. urteurreneko egitarauaren baitan, klub zuri-moreak ekimen berri bat abiaraziko du asteburu honetatik aurrera. Senior mailako taldeek Mojategin jokatzen dituzten partiduetan ohorezko sakeak burutuko dira, eta horretarako protagonista ezberdinak aukeratuko dituzte.
Eta lehenengoa zapatu honetan izango da, Kanpanzar Arrasatek Durangoren kontrako norgehiagokaren atarian. Bertan, ohorezko sakea klubeko sortzaileek egingo dute, Julian Gallo eta Jose Mari Lizaranzu, hain justu ere.

“Ekimen honekin Arrasate Errugbi Taldearen alde egindako lana ezagutzera eman nahi dugu, klubaren alde egindako guztiak oraindik bizirik dirau eta”, adierazi dute Zuzendaritzatik.