Testua: Isei Barbero. Argazkia: ART.
Asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeak hitzordu bikoitza izango du Mojategin, gizonezko zein emakumezkoen taldeek etxean jokatuko baitute. Julen Barrutiaren mutilek Atletiko San Sebastiani egingo diote aurre zapatuan, 16:30ean hasita. AGT Arrasate/Eibarreko neskek, berriz, La Unicaren kontra neurtuko dituzte indarrak igandean, 12:00etatik aurrera.
Jaitsiera faseko bigarren partidua izango da asteburu honetakoa Kanpanzar Arrasaterentzat, iragan asteburuan, estreinaldikoan, BRT Menditarrak talde nafarrari egindako bisitan 21-7 galdu eta gero. Barrutiaren mutilek intentsitate falta igarri zuten Lekarozen jokatutako partiduan, entrenatzaile zuri-morearen hitzean, “Gabonetan izandako etenaldiak eraginda”.
Gauzak horrela, zapatu honetako neurketan sailkapen faseko azken partiduetako sentsazio onak berreskuratzen ahaleginduko da talde zuri-morea. Garrantzitsua izango da oso puntuak batzen hastea, ligaskak izango dituen 10 jardunaldien ostean azkeneko postuan sailkatzen den taldea mailaz jaitsiko baita zuzenean eta azkenaurrekoak play-offak jokatuko baititu.
Neskak buletan
Hilabeteko etenaldiaren ostean, azkeneko partidua abendu erdialdean jokatu zuten, asteburu honetan berriro ere salto egingo dute berdegunera AGT Arrasate/Eibarreko neskek. Konbinatu gipuzkoarrak denboraldiko aurreneko garaipena bilatuko du igandean; hori lortzea, baina, zaila izango da oso. Izan ere, konbinatu gipuzkoarrak kategoriako liderra edukiko du aurrean, oraindik porrotik jaso ez duen La Unica. Nafarrek jokatutako partidu guztiak irabazi dituzte, bigarren jardunaldian Uni Bilboren zelaian lortutako berdinketaren salbuespenarekin.
AGT Arrasate/Eibar oso bestelako egoeran dago, jokatutako sei partiduetan ez baitu punturik eskuratu. Gipuzkoarrek maila ona erakutsi dute zenbait neurketetan baina, zoritxarrez, askotan aurkarien esperientzia gailendu egin da. Esan bezala, domeka honetakoa ere erronka handia izango da baina, jakina denez, kirolaren munduan dena da posible.
Kartelera
Zapatuan beste bi hitzordu izango dira Mojategin: 10:00etan 16 urtez azpikoek Uribealdea/Txingudi hartuko dute eta, 11:15ean hasita, 14 urtez azpikoak eta Hernani/Atletiko San Sebastian konbinatua aurrez aurre izango dira. Honetaz gain, zapatuan ere, 18 urtez azpikoek Uribealdea/Txingudiri egingo diote aurre Mutrikuko San Migel zelaian. Azkenik, domekan, Errugbi Eskolako 12 eta 10 urtez azpikoek Lakuan izango den hartuko dute parte, 10:30 eta 11:50eatik aurrera, hurrenez hurren. Arrasatearrek Gaztedi, Bera Bera eta Ordizia izango dituzte aurkari.