Arrasate Rugby Taldeak emakumeen sailaren 30. urteurrena ospatuko du

0
1030

Beheko testua: Isei Barbero / Argazkia: ARTaren artxiboa.

Arrasate Errugbi Taldeak emakumezkoen saila omenduko du, aurtengo denboraldian 30 urte betetzen baitira neskek osatutako taldeak elastiko zuri-morea defendatu zuela aurrenekoz txapelketa ofizialetan. 1993-1994 denboraldian geratu zen hori; Taldearen haziarekin topo egiteko, baina, bi urte egin behar ditugu atzera, 1991-1992 ikasturtean 15 neskez osatutako taldea errugbia praktikatzen hasi baitzen Arrasaten. Bi urte beranduago, esan bezala, era ofizialean ekipoa sortu eta partidu ofizialetan lehiatzen hasi ziren.

Testuinguru honetan, klub zuri-moreak urteurren hau ospatuko du aurten. Horretarako, Arrasate Errugbi Taldeak ospakizun ezberdinak dauzka esku artean: harrera instituzionala, bazkaria, ikus-entzunezko dokumentala edota omenaldia Mojategin, besteak beste. Egitarau honen guztiaren berri datozen asteetan emango du jakitera klub zuri-moreak, maiatzaren erdialdean burutuko dena.

Arrasate Errugbi Taldeko emakumezkoen sailak hiru garai ezberdinetan lehiatu du, urte hauetan guztietan erabateko jarraikortasunik izan ez duela. Esan bezala, 1991. urtean hainbat neska arrasatear errugbi partikatzen hasi ziren eta, bi urte beranduago, partidu ofizialetan lehiatu. Hasierako proiektu horrek 1994-1995 denboraldira arte biziraun zuen. Hainbat urteetako etenaldiaren ostean, nesken taldea 2007an birsortu zen, beste hiru denboraldietako ibilbidea izan zuela, 2009-2010 ikasturtera arte, hain justu ere. Bigarren garai honetan Durango Rugby Taldeko neskak izan zituzten bidelagun. Azken etapa gaur egungoa da, pandemia garaian -2020an- martxan jarri zena eta, egunotan, inoiz baino osasuntsuago eusten diona.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen