Arrasate Errugbi Taldeak emakume sailaren 30. urteurrena ospatuko du

0
434

Artxiboko argazkia: ART / Beheko testua: Isei Barbero.

Arrasate Errugbi Taldeak emakumezkoen saila omenduko du larunbat honetan, hilak 18, aurtengo denboraldian 30 urte betetzen baitira neskek osatutako taldeak elastiko zuri-morea defendatu zuela aurrenekoz txapelketa ofizialetan.  1993-1994 denboraldian geratu zen hori; Taldearen haziarekin topo egiteko, baina, bi urte egin behar dugu atzera, 1991-1992 ikasturtean 15 neskez osatutako taldea errugbia praktikatzen hasi baitzen Arrasaten.  Bi urte beranduago, esan bezala, era ofizialean ekipoa sortu eta partidu ofizialetan lehiatzen hasi ziren.

Testuinguru honetan, klub zuri-moreak urteurren hau ospatuko du asteburu honetan.  Eguerdi partean, 12:00etan, belaunaldi ezberdinetako jokalariak batuko dira Mojategin, egungoak barne, eta entrenamendu saioa burutuko dute.  Ondoren, poteoa egin ostean, guztiek elkarrekin bazkalduko dute Herri Gain elkarte gastronomikoan.  Bertan, emakumezkoen sailaren inguruan Goiena Komunikazio Taldeak ekoiztutako ikus-entzunezkoa pantailaratuko dute.

Arrasate Errugbi Taldeko emakumezkoen sailak hiru garai ezberdinetan lehiatu izan du, urte hauetan guztietan erabateko jarraikortasunik izan ez duela.   Esan bezala, 1991. urtean hainbat neska arrasatear errugbi partikatzen hasi ziren eta, bi urte beranduago, partidu ofizialetan lehiatu.  Hasierako proiektu horrek 1994-1995 denboraldira arte biziraun zuen.  Hainbat urteetako etenaldiaren ostean, nesken taldea 2007 birsortu zen, beste hiru denboraldietako ibilbidea izan zuela, 2009-2010 ikasturtera arte, hain justu ere.  Bigarren garai honetan Durango Rugby Taldeko neskak izan zituzten bidelagun.  Azken etapa gaur egungoa da, pandemia garaian -2020an- martxan jarri zena eta, egunotan, inoiz baino osasuntsuago eusten diona.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen