Arrasate-Donostia artean beste ordaintoki bat jartzearen aurka manifestazioa egingo da

0
357

Bergara-Beasain Peajerik Ez plataformak salatu duenez, “Europak ez du peajea jartzera behartzen”, “bai ordea Aldundiak kontrataturiko 9 bankuek”. Mobilizazioa larunbatean izango da, Urretxu-Zumarragan.

Beheko testua eta irudiak: A-636 Peajerik Ez Plataforma.

Beasain eta Bergara artean A636 errepidean bidesarien sistema martxan jarriko denez, A-636 Peajerik Ez plataformatik adierazi nahi dugu ez gaudela ados neurri horrekin eta neurri hori justifikatzen duten argudioekin, arrazoi hauengatik:

  • Eskualdeko ikasleok eta langileok gure lantokietara edo ikastetxeetara joateko erabiltzen dugun errepidea da. Eta, hain zuzen ere, langileria horri beste zerga bat ezarriko zaio. Oiarbidek esan du Abiatu sistemarekin oso merke aterako dela joan-etorriak egitea; egia esan, errepide hori erabili eta gutxira (Beasain eta Bergara arteko 6 bidaia, adibidez), 32 euroko mugara iritsiko gara hilero, eta horrek 384 euroko gastua edo zerga ordaintzea suposatuko digu. Zifra hori urtez urte handitu egingo dela aurreikusten da.
  • Duela 15 urte baino gehiagotik, Beasain eta Urretxu-Zumarraga artean doan autobidea da eta Deskargako zatia konpontzea, beharrezkoa zen.
  • Ez dugu autobidea erabiltzeko beste aukerarik. Errepide zaharra ez da baliozko aukera: hiriguneak zeharkatzen ditu, aplikazioen arabera batez besteko abiadura 50 km/h-koa da, ezbehar-tasa handiagoa ekarriko du, kutsadura handiagoa ekarriko du, ez da bidesaria, xantaia da!!

Oiarbide diputatuak erabili dituen eta Luki eta Serrano alkateek bere egin eta defendatu dituzten argudioei dagokienez, honako gezur hauekin egiten dugu topo:

  • “Europak bidesariak ezartzera behartzen gaitu”; frogatu dugu faltsua dela; Europak esaten duen gauza bakarra da bide batek bidesariak jartzeko estandarrak betetzen dituen edo ez (A1ek Gipuzkoan ez ditu betetzen).
  • “Europa osoan daude bidesariak, eta gero eta gehiago”; Alemania, Danimarka, Herbehereak, Erresuma Batua (Eurotunela izan ezik), Belgika eta Suediak ez dute bidesaririk. Suitzan, besteak beste, 35 euro ordaintzen dira urtean. Espainia ere bere bidesariak desegiten ari da.
  • “Bidesariak lurralde-kohesioaren alde jartzen ditugu”;Gipuzkoako biztanleen % 30ak bidesariak ordaindu beharko ditu bere udalerritik irten nahi badu. Bizkaiako eredu bera da: Durangaldea eta biztanle gutxiago dituzten beste eskualde batzuk ordaintzen dituzte; biztanle eta boto gehien dauden tokietan, ez dute ordaintzen (Bilbon eta inguruetan); Gipuzkoan eredu hori imitatuko dugu.
  • “Erabilitako beste argudio bat izan da obra egiteak kostu bat duela.” Horren aurrean, galdera argi dago: zenbat kostatu da? Zenbat igo da hasierako aurrekontutik? Zenbat denboran amortizatuko da? Aldundiaren kalkuluen arabera, egunean 9.000 ibilgailu inguru ibiliko dira. Gure kalkuluen arabera, 7 urtean erabat amortizatuta egongo litzateke obra. Kobratzeari utziko diozue orduan, ala Bizkaian bezala egingo duzue 20 urte amortizatuta daramatzan eta hala ere kobratzen jarraitzen duzuen AP8arekin?

Honelako gezurrak era interesatuan esaten dituenari zera eskatzen diogu: dimisioa.

Are gehiago, A1-A15eko epaiketaren erantzuna entzun eta gero.

Egia den gauza bakarra, eta Aintzane Oiarbide diputatuak eta Luki eta Serrano gure alkateek aipatu ez dutena, BIDEGI-Gipuzkoako Foru Aldundiak 9 banketxerekin sinatuta duten mailegu-kontratua da. 2011n Aldundiak 395,8 milioi euroko mailegua eskatu zuen. 2017ko uztailaren 28an kontratu horren baldintzak berrikusi ziren. Azken kontratu horretan, Aldundiak konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Kontratuaren 57. orrialdea; 2021eko abenduaren 31 baino lehen funtzionatuko duen bidesari-sistema bat ezartzea.
  • Kontratuaren 111/112 orrialdeak; “urteko kanonaren (bidesariaren) % 2,25eko igoera edo Euskadiko KPIaren baliokidea ezartzea”, kasu horretan zenbatekorik handiena. Bankuak dira, eta ez Europar Batasuna, maileguetarako bidesariak eskatzen dituztenak!!!!

Bestalde, 2020ko uztaileko Foru Arauaren proiektuaren 14. artikuluak ohartarazten digu bildutako dirutik zati bat A636 errepidea mantentzeko izango dela, baina beste ehuneko handi bat Bidegik izan ditzakeen eta errepide horrekin lotuta ez dauden beste gastu batzuetara joango dela.

Amaitzeko, Bilduri eskatu nahi diogu, noizbait Aldundian boterean egoten bada, bere jarrera zein izango den argitzea: bidesariak ipiniko ditu autobia honetan?: bai edo ez

Honegatik guztiagatik, [joan ahalko diren] Debagoieneko eta Goierrialdeko herritarrei deialdia zabaltzen dizuegu datorren apirilaren 10ean eguerdiko 12:00etan Urretxu-Zumarragako Areizaga-Emakumeen plazan egingo den manifestaldira etor zaitezten.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen