Goiko irudia: Wikipedia.
Arrasateko BDZren lehen erantzuna, hitzez hitz:
Ikerlaneko posizionamenduaren harira, BDZren erantzuna
Lehenik eta behin, positiboki baloratzen dugu Ikerlanek publikoki erantzun izana Arrasateko BDZk (Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak) urriaren 15ean plazaratutako idatziari. Garrantzitsua iruditzen zaigu gai honek ireki duen eztabaida isiltasunez ez estaltzea, eta gardentasunez eta erantzukizunez lantzea.
Hala ere, Ikerlanen oharrean jasotako hainbat baieztapenek zalantza handiak pizten dizkigute, bai edukian, bai koherentzia eta gardentasun mailan.
Ikerlanek dio 2024ko azarotik uko egin diola Israelgo estatuko enpresek edo erakundeek parte hartzen duten ikerketa, lankidetza edo garapen proiektu berrietan parte hartzeari. Orain arte, ordea, ez dute erabaki hori publiko egin. Langileei edo kooperatibako barne-organoei jakinarazi zaie?
Bestalde, zer gertatzen da 2024ko azaroaren aurretik martxan jarritako proiektuekin? Egoera argitze aldera, honakoa baieztatu dezakegu:
CORDIS (Europar Batasuneko ikerketa-proiektuen webgune ofiziala) plataforman, gaur-gaurkoz, Ikerlan oraindik proiektu horiei lotuta agertzen da.
Ikerlanek berak onartzen du HERWINGT proiektuan parte hartzen jarraitzen duela, 2025eko abendura arte. Proiektu honetan Israel Aerospace Industries (Israelgo defentsa ministerioaren hornitzaileetako bat) enpresa dago partzuergoan, gerra-industriaren hornitzaile nagusietako bat.
Horrez gain, EXTRACT proiektuan Ikerlan partaide gisa azaltzen da. Proiektu hau 2025eko abenduan amaituko da.
Ikerlanek honako beste proiektuetan ere parte hartu zuen: ZDZW (Ikerlanek koordinatutako proiektua, YORAN IMAGING LTDren parte hartzearekin), I4Q (Applied Materials Israel Ltd. enpresarekin batera) eta REACTION (Technomatics Technologies Ltd. markarekin).
Guzti honek erakusten du Ikerlanen eta Israelgo enpresen arteko kontaktua ez dela salbuespen isolatua izan, baizik eta urte luzez luzatu den harreman lerro sistematiko bat.
Ikerlanek bere erantzunean aipatzen du “Ikerlanen jarrera eta konpromisoa irmoak direla balio etikoekin, giza duintasunarekin eta eskubide unibertsalekin munduko leku guztietan”. Jakina da, aitzitik, Israelgo apartheid estatuak hamarkadak daramatzala palestinarren eskubideak urratzen.
Kezkagarria iruditzen zaigu palestinar herria muturreko egoera honetara iritsi behar izana Ikerlanek birplanteatu dezan etorkizunera begira Israelgo enpresekin lankidetzan ez aritzea.
Hala ere, BDZtik garrantzitsutzat jotzen dugu hemendik aurrera Ikerlanek ez duela parte hartuko ikerketa proiektutan baldin eta enpresa israeldarrak tartean badaude. Era berean, Ikerlani eskatzen diogu konpromisoa hartu dezala adierazpen publiko hau palestinar herriaren eskubideak bermatu arte betetzeko (hau da, okupazioa amaitu, apartheid harresi ilegala desegin eta errefuxiatutako palestinarrak itzuli arte).
Azkenik, azpimarratu nahi dugu Ikerlanek aukera eta gaitasuna duela orain konpromiso hori Basque Research and Technology Alliance (BRTA) osora zabaltzeko. Une egokia da aliantzako erakunde guztiek printzipio bera euren gain har dezaten bultzatzeko eta sustatzeko: Israelgo enpresa edo erakundeak barne dituzten ikerketa-proiektuetan ez parte hartzea, ez programa europarretan, ezta edonolako lankidetza-formatutan ere.
Ikerlanen bigarren erantzuna, hitzez hitz:
BDZ Arrasatek komunikabideetan zabaldu duen komunikatu berriaren aurrean, IKERLAN zentro teknologikoak honakoa adierazten du:
Aurreko komunikatuan garbi adierazi genuen IKERLANek balio etikoekin, giza duintasunarekin eta eskubide unibertsalekin duen jarrera eta konpromisoa irmoa dela.
Hala ere, gure zentroaren jarduerari buruz behar den informazio guztia emateko prest gaudela adierazten dugu. Ateak zabalik ditugu interesa duen edonor bertaratu dadin informazioa modu ireki eta gardenean partekatzeko, hala eskatu duten beste eragile eta erakunde batzuekin egin dugun bezala.




