Basque Team-eko kirolariak urrea eskuratu du BC1 kategorian, finalean Kinga Koza poloniarrari 5 eta 3 irabazita. Zorionak txapelduna!
Goiko argazkia: Basque Team.
Amagoia Arrietak bere ibilbideko lorpenik handiena erdietsi du, Rotterdamen-go (Holanda) Europako txapelketetan urrea lortu baitu.
Era berean, emaitza honek Parisko Joko Paralinpikoetara gehiago hurbiltzen du. Gogoratzekoa da 2021ean ez zuela Tokiora joaterik izan.
Arrasateren lagun honek “saio bikaina sinatu du Holandan, BC1 kategorian (eskuekin edo oinekin jaurtitzen duten eta laguntzailea behar duten kirolariak) behetik gora egin duen txapelketa batean”.
Alabaina, “porrota jaso zuen txapelketa hasieran Bat-El Brightman Ha ‘cohen israeldarraren aurka (1-4)”. Aurrera egiten jarraitzeko, “hurrengo bi neurketak irabazi behar zituen derrigorrez”:
“Amagoiak ez zuen huts egin eta multzoko bigarren postuan sailkatu zen Rita Patricio portugaldarrari 10 eta 1 nagusituta eta ondoren Aurelie Aubert frantziarra 6 eta 0 menderatuta”.
Finalerdietan “Dora Basic kroaziarra izan zuen aurkari, munduko laugarrena. Arrieta nagusitzen hasi zen (2 eta 0), baina hurrengo bi partzialetan bere aurkaria aurretik kokatu zen (2 eta 4). Hala ere, Debakoak markagailua irauli zuen (5 eta 4) eta Europako bere lehen finalerako txartela eman zion horrek”.
Finalean Kinga Koza poloniarrarekin neurtu ditu indarrak. “Amagoiaren irteera ez da ona izan eta hori baliatu du aurkariak 1 eta 3ko emaitzarekin aurretik jartzeko laugarren partzialaren faltan”.
Dena den, “Basque Teameko kirolaria lasai egoteko gai izan da azken saiakeran partidaren norabidea aldatu du, lau puntu lortuta (5-3) eta titulua eskuratuta”. Dordoka Klubeko kirolariak mundu eta Europa mailetan 7 domina ditu oraingoz:
- Taldekako brontze bat 2017ko Sevillako World Open lehiaketan
- Zilarrezko bi domina Nymburkeko Open Erregionalean (Txekiar Errepublika) 2019an
- Brontzezko bat Sevillako Europako Txapelketan
- Zilarra Varzimeko (Portugal) Povoako Munduko Kopan 2021ean
- Urrea Erromako Challenger Worlden 2022an
- Urrea Europako Txapelketan Rotterdamen, atzo, 2023an
Amagoia Arrietak (1974/02/10) bi hamarkada baino gehiago daramatza bolei eragiten eta boccia praktikatzen. “Kirol horretan estrategia eta zehaztasuna dira faktore garrantzitsuenak, eta paralinpikoa da 1984tik”.
Italiar jatorria du, eta larruzko bolekin jokatzen den petankaren jokoaren aldaera bat da. Bisfedek (nazioarteko federazioak) erabat araututako kirola da, eta taldeka zein banaka jokatzen da.
Amagoia Arrieta 1997an hasi zen entrenatzen, urte horretan Gasteizen egin zen Bocciako Europako Txapelketara ikusle gisa joan ondoren.
Donostiako Dordoka Kirol Elkarteko kide da, eta Debako kiroldegian entrenatu ohi du Javi Camacho entrenatzailearen aginduetara.
Banakakoan palmares bikaina du eta kirol honetako kirolari garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Hala ere, emaitza garrantzitsuei dagokienez, goraldia 48 urterekin iritsi zaio.
Bat Basque Team-ek baloratu bezala, “Arrieta denboraldi bikainak egiten ari da azken urteotan, eta une gozoak luzatzen jarraitzen du joan den irailean Erromako World Challenger txapelketan urrezko domina irabazi ondoren”.
Amagoiak bertan lortu zuen 2006tik, “José Vaquerizok Rio de Janeiroko Munduko Txapelketa irabazi zuenetik, kirol honetan, kategoria honetan, estatu mailan irabazi den lehen urrezko domina”. Atzo Europako txapelketa bereganatu zuen!