Arrakala digitala erdigunean [Testua: Eñaut Arriaran]

6
1585

Batzuek sinetsi ezin duten arren, herri honetako erdigunean bizi garenon askok eta askok nahita hartu genuen erdigunean bizitzeko aukera; iluntasun gehiago izan arren, aparkatzeko zailtasun gehiago izan arren, zarataren erdigunean bizi arren. Eta gainera erdigunea maite dugu. Badirudi teknikari eta udal gobernuko hainbatek ulertu ezin duten zerbait dela. Ba ez da bakarrik erdigunea maite dugula, baizik hiltzen uzten duzuen hori hiltzen ikusteak amorrua ematen digula. Erdiguneko hamaika etxe usteltzen diren bitartean pelotazoak hemen eta han: pelotazoak Uribesalgon, pelotazoak ospitaleko putzuan, pelotazoak Polmetasan, baina erdiguneko etxeen berrikuntzarako interesik ez.

Baina bueno hau beste kontu bat da eta aurrerago emango diogu, ze ez dakit zergatik pentsatu dugun gauza polita dela Arrasatek Zabalganako auzoaren itxura hartzea.

Azken urteetan ez dira gutxi izan desabantailan bizi diren auzoei egin zaizkien ekarpenak batez ere mugikortasunari dagokionez arrakalak gutxitzeko. Hala nola, Uarkapetik hartu daitekeen igogailua, Erguinerako igogailua eta Iturripe paretik egiten ari diren obra denboran amaiezinaren kasu. Badaukagu baita autobus bat Eroskitik hasita hara eta hona auzoetan gora eta behera ibiltzen dena.
Ez dut horrelakorik inoiz hartu. Ez igogailurik ez eta autobusik baina gai naiz ulertzeko auzo horiek desabantaila aldapatsuan bizi direla eta herriaren onurarako herriaren dirua eta herritarron kudeaketarako tresnak eta lanpostuak erabili behar direla.

Gauza bera ikusten dut arrakala digitalari dagokionez. Erdigunean aldapa digital batean bizi gara eta gure udaleko kudeaketa sistemek ez dute egoera hau kudeatzeko asmorik. Agian adreiluz egiten ez direlako. Zementoa eta porlana ez direlako.

Udalak egin du harremana enpresa batekin eta beraiek eskatutakoa ordainduko duzue bizilagunok eta gure kudeaketa egina dago. Beraz, ni erdiguneko bizilaguna bigarren mailako bizilaguna naiz. Atera zaitezte maite ez duzuen plazara eta saiatu esertzen babesten ez dituzuen ostalarien terrazatan eta ezaiguzue argi eta garbi bigarren mailakoak garela. Ez daukazuela gure kapritxoen kudeaketan parte hartzeko interes zipitzik ere ez.

Orain dela hile batzuk idatzi nuen horrelako beste idatzi bat eta Portuondo delako anonimo batek erantzuten zidan esanez hori enpresen kontua zela eta komunikazio enpresek inbertsiorik egin nahi ez badute hori ez dela udalaren konpetentzia. Ezin dut halakorik sinetsi. Komentario horien aurrekariak meme famatu horien aurrekariak dira: “sujétame el cubata!!!”.

Arrasateko erdiguneko bizilagun, komertzio, akademia, euskaltegiak aldapan bizi gara eta ez daukagu zertan arrakala digital hori gure poltsiko zulatuetatik ordaindu behar. Eskerrak emanez biharko arratsaldeko zazpietarako bilera deitu duten erdiguneko eragileak ni bihar bertan egongo naiz eta agian proposatuko dut Arartekoak erabaki beharko duela ea gure aldaparako ere Eroskiko autobusa udalak kudeatu behar duen ala ez. Berorrek erabaki dezala ea bigarren mailako herritarrak garen.

6 IRUZKIN

  1. Eñaut, arrazoi osoa duzu. Komertzioak dauzkagunok desabantaila itzela daukagu. Alde zaharra zeharo ahaztua dago, inbertsioa zero eta datozen ideiak diputaziotik datoz ez bertako agintariengandik. Hori bai. udaletxeak zuntza badauka, urtetik urtera gero eta ariñagoa

  2. Erdialdea ez dago internet azkar gabe
    telekomunikazio empresak interesik ez dutelako baizik eta hortarako behar den egitura askoz be garestiagoa delako ,monumento bezela babestuta dagoelako,horrek eskatzen duen neurriarekin (kableak izkutatu,lurperatu …..)
    Kontua da nork ordaindu behar duen gainkostu hori.
    Erdialde monumentala herritar guztiona ba da,orduan hortarako behar dan gainkostoa ere herriarena izan beharko zan.

  3. Eñaut, eskerrik asko gure egoera hain argi azaltzeagatik.
    Beste datu bat emango dizut, oker ez banago, orain dela 12 urte baino gehiago (agian orain dela 14 urte), Zerkaosteta kaleko zorua birritan altxatu zen: 1) aurrerago zuntz optikoa sartzeko balio zezaketen hodiak/tubuak sartzeko, eta bigarrena galtzada-harriak edo lauzak jartzeko izan zen. Hori behintzat da nik gogoratzen dudana, agian oker nago, baina garai hartan, kalean hori esaten zen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen