Arra, oina eta kamela [Testua: Ramon Ugalde]

0
1131

Izenburu arraroa, baina berau da burura etorri zaidana gai hau lantzeko. Funtsean Arrasaten garai zaharretan erabilitako neurrien gaineko artikulutxoa da.

Aurreko batean aipatu nituen Arrasateko udaletxeko arkupetan dauden neurrien markak: kanarena nahiko garbi azaltzen da bertan. Adreilu markak ere badaude, eta marka hauek direla eta, hara non aurkitu nuen berari buruzko aipamen bat Martin Carrerak Arrasateko udalbatzari jarritako baldintzetan Mondragoeko udaletxea egiteko:

que el ladrillo de las espalmaduras sea hecho a propósito”. Hori horrela izanda logikoa da pentsatzea udaletxeko marka angeluzuzenak adreiluak egiteko plantila edo txantiloi batenak izatea. Izan ere, angeluzuzen hauen neurriak oso arraroak dira eta adituak saiatu dira neurri hauek neurri tradizionaletara pasatzen (arra, oina, hatzak…) baina oso kopuru arraroak ateratzen dira. Beraz, Carrerak agindu zuen moduan egingo ziren:

Carrerak agindutako adreiluendako txantiloiak? Segurutik bai

Baina bestaldetik badakigu arrak(palmo,cuarta) eta oinak (pie) direla gehien erabilitako luzera neurri tradizionalak. Biak ere neurri antropometrikoak. Eta hara non dagoen txantiloi edo plantila moduko bat, udaletxeko arkupetakoaren antza daukana harlauza batean markatuta: Monterronen. Eta zein dira plantila hauen neurriak? Luzeran 29 cm eta zabaleran 23 cm. Zabalerako marran, erdian beste marra bat dago, 11,5 cm-koa.

Oina, arra eta arra erdia, Monterrongo txantiloia

Eta zer esaten digute neurketa hauek? Ba marra luzea 29 cm-koa dela oinaren neurria eta motza 23koa arrarena.

Oina izan da dokumentu idatzietan gehiago azaltzen den neurria, adibiderako Mondragoeko udaletxea egiten ari zirela erabaki zuten bere atzeko partean 14 oin luzeko barkana (eraikinen arteko gune librea, agian karkaba) utzi behar zutela leihotik argia sar zedin, edo udaletxeko zimenduen sakonera 4 oinekoa izan behar zirela. Hala! Kalkulua egin: (14×29) eta (lau bider 29), edo Atxabaltako kanpandorreak lau oin sakoneran eta zazpi zabaleran dauzkala.

Hiztegietan zera esaten da oinari buruz: baserritarrek erabiltzen duten luzera neurri bat dela. Baso lanetan ere asko erabiltzen zen orain dela gutxi arte arbolen gerria neurtzeko. Baita ikazkinak ere, hona hemen Juan Martin Elexpuruk ematen digun adibidea: “txandorraren egur-kopurua kalkulatzeko erabiltzen den luzera-neurria”.

Arra ere neurri antropometrikoa da, oina letxe, giza gorputzaren ataletan oinarritutako neurria. Erdaraz, palmo edo cuarta esaten zaio. Arra da eskua zabal zabalik jarrita hatz potolotik hatz txikinera dagoen tartea (21-25 cm). Aurpegiaren luzera lakoa da; egin froga: okotzetik bekoki puntaraino ailegatuko da.

Zer egiten dute marka hauek Monterrongo jardinetan? Hor egon da albarda-harri hori hormatxo hori egin zenetik? Ez dakigu, baina arra eta oinaren neurriekin bat datozela ezin da ukatu. Ez dira asko izango horrelako markak dauzkaten harriak, edo ez dira oso ezagunak. Horrela ba Mondragoen badaukagu beste bitxikeriatxo bat, altxor txiki bat. Horrela da: kana, oina eta arra, luzera neurtzeko harrizko lekukoak dauzkagu herrian.

Sistema tradizional honek 1871. Urte arte iraun zuen Gipuzkoan ofizialki. Orduan erabaki zuten sistema metrikoa erabiltzen hastea. Baina herriak jarraitu zuen oraindik urte askotan aurreko neurriekin. Badirudi hemen inguruan Arraa edo arrá esaten zela, arraabete eta horrelakoak entzuten dira eta. Esamolde politak daude berba hauekin: horrek gonie belaunetik arra bete goraudaroie, arra beteko taluekittenzittuen, arra beteko aurpegixe, neurtizu zenbat arra dauzkan maixak, hamar arrako gerrixe, arra ta erdiko arraina, arra beteko aguedauko gutxienez, arra beteko aizto zorrotza.

Ipar Euskal Herrian Zehe, erabiltzen zuten Arraren ordez.

Eta txantiloi osoa erabiltzerik bazegoen? hau da oin beteko luzera eta arra beteko zabalera zerbait neurtzeko edo egiteko? Susmo bat da eta datu gehiagorekin konfirmatu beharko litzateke baina agian papera formatu horretan ekoizten zen XVIII. mendean. Begiratu batean, kasu askotan dokumentu zaharrak, gutxi gora behera 28×23 tamainako paperak, pergaminoak … izaten dira. Baina ikusi egin behar.

Eta kamelarekin zer? Berba hau galduta dago. Mondragoen San Nikolas kantua horrela kantatzen dute:

San Nikolas triskilistras dame una castaña y no quiero más

Baina Juan Carlos Guerrari esker badakigu lehenago beste modu batera kantatzen zela:

San Nikolas triskilistras kamela kastaina y no quiero más

Kamela, erdaraz gamella, zen edo da abereei aleak jaten emateko askatxoa, ikazkinek ere erabiltzen zuten taloak egiteko orea (masa) maneiatzeko. Zurezkoa eta pieza bakarrean egindakoa izaten da normalean.

Denborarekin kamela zer zen ez zuten jakingo eta kantuaren moldaketa egin zuten: kamelaren ordez dameuna esanez. Eta horrela, ba, zer esango dizuet, kantua zozo samar gelditzen da, eta gaztaina bakarra eskatzen duten umeak …oso ondo heziak edo edukatuak.

Gamella/kamela

Logikoagoa da kamelakada gaztaina eskatzea Bat eskatzea baino. Baina kamelaren esangura galtzean kantua ere egokitu egin behar izan zuten ulergarria egiteko.

Beste ohartxo bat; kamela ikazkinekin lotuta dagoela dirudi eta Gabonetako sinesmenak eta ohiturak gure artean ikazkinekin lotuta egon dira, Olentzero bera ere ikatza egitera joaten zen. Ikazkinei eskatuko zizkieten gaztainak Mondragoeko umeen San Nikolasen izenean? Jakin ez, baina imajinatzearekin bakarrik, ze irudi polita!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen