Arrasate Herri Eskola: “Anbulatorioarekin, Epidemiologia Zerbitzuarekin, Ausolanekin,… harremanetan izan gara”

0
1568

Arrasate Herri Eskolak gardentasunez azaldu du atzo eguerdian atzeman zuela intoxikazioa Erguin Herri Eskolan.

Bertan bazkaria bi txandatan banatzen da, eta denera 126 umek jasotzen dute zerbitzua. “Lehen txandan arazoa detektatu genuenez – adierazi dute AHEko arduradunek – bigarren txandan ez genuen arraina banatu”.

Lehen txandako zenbait haurri “mingaina pikatzen eta gorritzen hasi zitzaien, eta ume txikienei orban batzuk atera zitzaizkien ezpain inguruan, baina denak kasu arinak izan ziren”.

Arazoaren berri izan ondoren “gurasoekin harremanetan jarri ginen batez ere telefono bidez eta whats apparen bitartez”.

Atzo “11 kasu atzeman genituen, eta gaur guraso batek beste baten berri eman digu. Beraz, guztira 12 izan dira”.

Arrasate Herri Eskolako arduradunak “Anbulatoriora deitu genuen eta Pediatria Zerbitzuko buruarekin hartu-emanetan izan ginen”.

Gainera, Ausolan kooperatiba “gurekin harremanetan jarri zen, baita Epidemiologia Zerbitzua ere, eta gure esku zegoen informazioa helarazi genien”.

“Atzo arratsaldean egoera kontrolatuta geneukan, familiei informazioa eman genien eta familiak lasai daude”.

Ondorioz, Arrasate Herri Eskolan “gaur otorduak normaltasunez banatu dira, eta orain haurrak arazo barik dabiltza ikastetxean”.

Arizmendik, ordea, nahiago izan du kopururik ez ematea, baina gutxienez Santa Teresa guneko haur batzuek atzoko bazkaria erreakzioak izan zituzten.

Ikastolatik gaur goizean aurreikusi dutenez, “gaur otorduak ematea aurreikusten dugu”, eta mugatu egin da “lasaitasuneko mezu” bat aipatzera.

Goian aipatutako bi ikastetxeek, bazkariei dagokienez, gutxienez hornitzaile bat daukate, Ausolan enpresa. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazia du ikerketa bat abiatu duela.

Informazioaren gaurkotzea (ostiralean arratsaldeko 19:10ean):

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu du Gipuzkoako 10 herritan eta Bizkaiko 2tan atzeman dela intoxikazioa. Guztira 20 ikastetxetan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen