Arizmendiko Lanbide Heziketak Saharar Herriarekin elkarlanean dihardu

1
741

Ferixalekuko Mikroinformatikako lagunek enpresek eta norbanakoek emandako ordenagailu zaharrak egokitzen dituzte. Gailu horietako batzuk Saharar Herriari emango dizkiote dohaintzan. Hartara, atzo Ikastolak arrera egin zion Fronte Polisarioko EAEko ordezkariari. Arizmendik eskerrak eman dizkie gailu zaharrak dohaintzan emandako enpresei, norbanakoei,…


Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketak Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkariaren bisita jaso zuen atzo goizean, Ferixalekuko gunean.

Izan ere, ikastetxe honek Saharar Herriarekin batera elkarlana abiatzear da. Ildo honetan, Lanbide Heziketako Mikroinformatika zikloko ikasle eta irakasle taldea, Berrerabilpen eta Prestakuntza Zentroa (BPZ) proiektuan lanean aritu da azken ikasturteetan.

“Duela bi urte abiatu zuten ekimen honetan – azaldu du Arizmendik – enpresa zein norbanakoen ordenagailu zaharrak jaso eta gobernuz kanpoko erakunde ezberdinen bitartez doaitzan eman, edo prezio sinboliko batean saldu egiten dituzte”.

Ildo honetan, “azkenaldian BPZ ekimena aurrerapauso politak ematen ari da; horren adierazle da Saharar Herriarekin batera abiatzear daukaten elkarlana”:

“Hango eskola bati ekipamendua helaraziz, Saharar ikasleei laguntzea da Arizmendiko Lanbide Heziketakoen asmoa, eta ordenagailu batzuk egokituko dituzte Saharar Herriak Argeliak utzitako lur zati batean duen eskola batera bidaltzeko”.

Senidetze honetan hasierako urratsak adoste aldera, Arizmendi Ikastolako Zuzendaritzako zein BPZ proiektuan lanean ari diren kideak, Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkariarekin bildu dira gaur Ferixalekuan.

“Arizmendi Ikastolaren iparra, gizartea eraldatuko duten pertsonak garatzen laguntzea izanik, ikasleek ikasgeletan landutako eduki eta konpetentziak komunitatera ekarpena egitera bideratzen saiatzea da”.

Eta bertan kokatzen da Lanbide Heziketako Mikroinformatika ziklokoen egitasmo hau. Horretarako, azken ikasturteetan ordenagailu dezente jaso dituzte dohaintzan norbanako zein inguruko erakunde ezberdinetatik:

  • TE Connectivity
  • Aranzadi Ikastola
  • Ederlan
  • Goizper
  • Koniker
  • Batz
  • EMUN
  • Oñati Gestio Heziketa
  • Mondragon Lingua
  • Domusa Tecnic

Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketak esker onak eman dizkie erakunde horiei, “euren dohantzarik gabe ez litzatekeelako ekimen hau posible izango”.

Jaso dituzten gailuak Ferixalekuan aztertu, prestatu eta berregokitu egiten dituzte, ondoren dohaitzan emateko. Orain arte Informatikako lagunek berregokitutako gailuak ondorengoen esku utzi dituzte:

  • Brasilgo eskola ibiltariak
  • Euskadi-Ukrania
  • Zaporeak
  • Arrasate Euskaldun Dezagun
  • Zehar errefuxiatuak
  • Arizmendi Ikastolako Oinarrizko Lanbide Heziketa
  • Caritas Goierri
  • Yaakar Aretxabaleta

Etorkizun hurbilean, aipatutako Saharar herriko eskolari, “Seaskari zein Senegaleko Gandiol herrian kokatuta dagoen beste eskolara batera ordenagailuak bidaltzea da ekimen honen asmoa”.

Proiektuak aurrera jarrai dezan BPZkoentzat “oso garrantzitsua da inguruko norbanako, erakunde, kooperatiba zein enpresekin zubiak eraikitzen jarraitzea, eta hainbat erakunderekin elkarlanerako urratsak ematen hasiak dira”:

“Danobat, Koniker, Elkartenet, EMUN… Eta sare hau hedatzen jarraitzeko lanean jarraitzen dute”. BPZ proiektuaren berri izatea nahi izanez gero, jakin @birziklanet ezizenarekin aurkezten dela sare sozialetan:

Iruzkin 1

  1. Arizmendik hobe luke Saharar umeei kuotarik ez kobratzea, bertan ikasi ahal dezaten. Gora errefuxiatuak, gora Palestina… baina txuriak txuriekin eta beste guztiak dohakoa den eskola bakarrera, publikora.
    A ze hipokresia.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen