Arizmendiko 2 taldek 2 bizikleta berritu eta Caritasi eman dizkiote

0
884

Arizmendi Ikastolako Batxilergo Teknologikoaren modalitatean proiektu bat garatu behar izan dute ikasleek:

“Bizikleta zahar bat hartzea, berau zaharberritzea eta ondoren erakunde bati ematea”. Horretarako, “ikasle guztiak hiruko taldeak osatu genituen, denera 10 talde inguru sortuz”.

Horietako bi taldek erabaki zuten bizikleta berritua Caritasi ematea: taldeetako bat Aratz Uribesalgo, Oier Carrero eta Unai Gonzalezek osatzen dute, eta beste taldea Unai Egidon, Eneko Villar eta Danel Iturbek.

Proiektua “bi aste eta erdian garatu dugu eta bizikleta berritzeaz gain, bizikletarekin zerikusia duten fisikako ariketak ere egin ditugu”.

Arrasateko Caritasi ematea erabaki zuten “erakunde honek behar handia duten pertsonei laguntzen dielako”.

Ildo horretan, “Caritasekoekin kontaktuan jarri ginen, proposamena egin genien eta baietz erantzun ziguten”.

Aipatzekoa da Batxilergo 1eko beste taldeak ere “beste erakunde batzuekin kontaktuan jarri direla, helburu berberarekin”.

Lagun talde honek baietsi du “gure ustez lan ona dela zaharkitutako zerbait berritzea eta berriztaturiko hori erakunde bati ematea berrerabil dadin eta behar bezala erabil dadin”.

Bi ikasle talde hauek gaur Caritaseko arduradunei bi bizikletak eman dizkiete, erakundearen egoitzan, Arrasate Pasealekuan, gaur eguerdian.

Caritaseko lagunek oso pozik eta eskerrak emanez jaso dituzte bi bizikletak. Hortaz gain, aurreikusten dute “bizikletak jasoko dituzten pertsonei poz handia eragingo dietela”. Zorionak ekimena posible egin duzuen guztiei!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen