Arizmendi Ikastolak positiboen kasuetarako plana aktibatu du. Positiboa Olarte Gunean atzeman dute, eta bi ikasgela momentuz bertan behera utzi behar izan dituzte.
Olarte Gunea Haur Hezkuntzakoa da, eta koarentenan diren 46 neskatila-mutikoak 3 urtekoak dira. Ikastolak horrelako kasuetarako protokoloa aplikatu du.
Arizmendi Ikastolak aurreko astean azaldu zigun, positiboren bat atzemanez gero, “Osasun Sailak ezarritako protokoloari jarraituz, Osakidetzako arduradunekin harremanetan jartzen garela, eta haiek jarraitu beharreko protokoloa zehazten digute”.
Dena den, Arizmendik azaldu bezala, “ikastola ez da zero arriskuko lekua. Ahal diren neurri guztiak hartu dira eta ahal den guztia egin da ahalik eta espazio seguruenak izan daitezen, baina egoera dena da eta arriskua beti dago”.
Bestalde, “Osakidetzak adierazi digu oso zorrotzak izan behar dugula ikasleen eta irakasleen asistentzia erregistratzearekin, rastreoarako oso garrantzitsua baita egun bakoitzean ikastolan nor egon den erregistratuta ondo jasota izatea”.
Arizmendik aurreko astean beste positibo bati egin zion aurre, Aretxabaletako Basabeazpi ikastetxean begirale batek positibo eman ostean. Animo positibo hauen ondorioz kalteturiko pertsona denei!