Arizmendi ikastolako hiru ikasle Estatu mailako EYP saioetan izango dira Bartzelonan

0
858
arizmendi

Almen guneko batxilergoko Lehen mailako hiru ikasle Bartzelonan apirilaren 14tik 19ra egingo den European Youth Parlament saioan izango dira. Hiru ikasleak Leire Garro, Estibaliz Benitez eta Maren Seiler dira.

Testua eta argazkia: TuLankide.

EYP ekimenak gazteen pentsamendu kritiko eta independentea sustatzea du helburu; ideiak ordenatu, defendatu, argudiatu eta jendeaurrean aurkeztu behar dituzte gazteek, eta hori guztia, ingelesez. EYPren saioek hiru zati izan ohi dituzte: talde lana (Teambuilding), batzorde lana (Committee Work) eta batzar nagusia (General Assembly).

Ekitaldietako epaimahaiek hizkuntzaren erabilera eta proposatzen diren gaien ezagutza politikoak baloratzen dituzte. Parte-hartzaileen lankidetza- eta errespetu espiritua ere behatu eta baloratzen diren alderdiak izaten dira. Bartzelonan egon ahal izateko, aurretik EYP eskualdeetako saioetan parte hartu zuten Gasteizen otsailaren 14tik 16ra, Kattalin Linazisoro, Amaia Rivera eta Maddi Urkiarekin batera, guztiak Almeneko Batxilergoko ikasleak.

Mireia Muruamendiaraz irakaslearen laguntza izan zuten ikasleek Gasteizen. Eztabaidetan lege proposamenak defendatu behar izan zituzten, edo beste batzuen proposamenen kontrako argudioekin erantzun. Asteburu osoan zehar beste bost ikastetxetako ikasleekin elkarlanean aritu ziren.

Esperientzia interesgarria

Gasteizen bizitako esperientzia eta EYPren edizio honetan parte hartzera bultzatu zituen arrazoiak kontatu dizkigute protagonistek. “Interesgarria iruditu zitzaigun zenbait gaien inguruan eztabaidatzeko eta proposamenak bilatzeko aukera ematen zigulako” adierazi dute Arizmendi Ikastolako ordezkariek. Astebukaera nola joan den galdetuta; “Ostiralean talde jolasak egin genituen. Talde jolas eta dinamikak egin genituen. Nire komitearen gaia, esate baterako, terrorismoaren ingurukoa zen. Egia esan, jolas ezberdin eta orijinalak egin genituen. Arratsalde dibertigarria izan zen. Larunbatean, berriz ere taldetan, gure gaia lantzen aritu ginen, proposamenak sortzen eta argudioak lantzen. Igandean eztabaidarako momentua heldu zen. Talde guztiak elkartu ginen gai ezberdinez jarduteko”.

Euskadiko ikastetxeetako ikasle mordoa ezagutzeko aukera izan dute Almen guneko ikasleek. Guztira 5 ikastetxeetatik hartu dugu parte Gasteizko EYP edizio honetan. Jende ezberdina, ideia anitzekoak eta benetan argiak. “Bikaina izan da jende hau ezagutzea eta elkarrekin proposamenak sortzea”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen