Arizmendi Ikastolak Saharako hezkuntza digitala bultzatzen duen proiektua erakutsi dio Fronte Polisarioko ordezkariari

0
2113

Mujtar Lebohi Euskadiko Fronte Polisarioko ordezkari berriak Arizmendi Ikastolako Ferixaleku gunea bisitatu du gaur, Birziklanet proiektua bertatik bertara ezagutzeko. Ekimen honen bidez, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan hezkuntza digitala sustatzea du helburu ikastolak.

Lebohi Mujtar Saleh Saleh Saharaldeba elkarteko ordezkariarekin batera izan da bisitan, eta harrera egin diete Mireia Muruamendiaraz eta Illart Azkarate Arizmendi Ikastolako zuzendariek. Haiekin batera egon dira, halaber, proiektuaren arduradunetako batzuk, tartean Gaizka Eraña eta Beñat Irazabal.

Bisitaren barruan lan-bilera bat egin dute proiektuaren egoera aztertzeko, eta ondoren instalazioak ezagutu dituzte. Bertan ikusi ahal izan dute nola ikasleek erabilitako gailu teknologikoak berreskuratu eta berrerabiltzen dituzten, ekonomia zirkularra eta elkartasuna uztartuz.

Birziklanet proiektua bigarren fasean dago gaur egun. Lehenengoan, ordenagailuak Saharako kanpamenduetara bidali eta instalatu zituzten; orain, berriz, irakasleen prestakuntzan jarri dute arreta. Helburua da datorren ikasturtetik aurrera informatika irakasgaia Lehen Hezkuntzan modu ofizialean txertatzea. Horretarako, irakasleen gaitasun digitala indartzea funtsezkotzat jo dute arduradunek.

Azken ikasturtean 152 ordenagailu eta 15 inprimagailu bidali dira Saharara, eta antolatzaileek adierazi dute lanean jarraituko dutela eskolen digitalizazioa indartzeko. Proiektuak, haien esanetan, teknologia herrien arteko elkartasuna sendotzeko tresna izan daitekeela erakusten du.

Bestalde, Arizmendi Ikastolak herritarrei zuzendutako hitzaldi irekia antolatu du maiatzaren 12rako, 18:00etan, Arrasateko Kulturaten. “Birziklanet Sahara, bidai baten kontakizuna” izenburupean, proiektuaren nondik norakoak eta Saharan bizitako esperientziak partekatuko dituzte. Bertan izango dira Mujtar Lebohi, Mujtar Saleh Saleh, Gaizka Eraña eta Beñat Irazabal.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen