Arizmendi Ikastolak 3D inpresorekin egindako biserak Ospitalera iritsi dira

0
1168

COVID-19aren erasoaldian hainbat ospitaleetan material eskasia dagoela eta, 3D inpresorekin biserak inprimatzeko covideuskadi ekimena sortu du Comunidad Maker-ek.

Testua eta argazkiak: Arizmendi Ikastola. Bideoa: Miquel eta semea.

Arizmendi ikastolak ere bere hondar alea jarri nahi izan du. Joan den astean, Miquel Beneit, Oinarrizko Lanbide Heziketako langileak, lantokiko 3D inprimagailu batekin 20 bisera egitea lortu zuen. Dagoen beharra ikusita, bisera gehiago egiten jarraitzea da asmoa.

Biserak egiteko PLA polimeroa erabiltzen da, artoaren almidoitik datorren termoplastikoa. Material hori biodegradagarria da baldintza jakin batzuetan.

Bilketa Telegram aplikazioaren bidez antolatzen da, eta jasotzera pasatu aurretik inprimaki bat bete behar da https://covideuskadi.net webgunean. Behin eskaera eginda, joan den ostiralean DYAko pertsona bat etxera joan zen biserak jasotzera.

Debagoieneko Ospitalearen esker oneko mezua

Iritsi dira biserak Debagoieneko Ospitalera. Bertako profesionalek honako mezu hau helarazi diote Arizmendi ikastolari:

“Debagoieneko Ospitalearen partetik Arizmendiri eskerrak eman nahi nizkioke egin duzuen lanagatik. Gaur egun hainbeste falta zaizkigun pantailak iritsi zaizkigu. Eskerrik asko bihotzez”.

Egunotan zerbait ikasten ari bagara da solidarioak izanda bakarrik lortuko dugula birus honi aurre egitea. Beraz, eskertzekoak dira horrelako ekimenak, guztion segurtasuna eta osasuna zaintzen lehen lerroan lanean ari diren profesionalen lana ahalbideratzen dutelako.

Osasun materialaren donazioa

Arizmendiko Lanbide Heziketako Osasun Ziklokoek osasun-materiala eman diete Arrasate, Aita Menni eta San Juan de Dios ospitaleei, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako nagusien egoitzei, Aretxabaletan dagoen anbulantzia-baseari eta baita ikastolari berari ere. Banatutako materiala: 41 maskara zurrun, 26 maskara kirurgiko pantailekin, 50 paperezko maskara, 65 mantal kirurgiko, 400 txano kirurgiko, 100 galtza-kirurgiko eta 280 mantal.

Banaketa Aretxabaletan dagoen anbulantzia-basekoek egin dute, zehazki, ikastolako bi ikasle ohik. Osasun Ziklokoei oso gustura hartu dutela materiala adierazi diete.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen