Testua: Arizmendi Ikastola.
Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako Mikroinformatika ziklokoek, ordenagailu zaharkituak prestatu dituzte, Mundukide Fundazioaren bitartez Brasilgo Caminhos de Saber eskola ibiltarira bidaltzeko. Ikasleek osotasunean garatutako proiektua izan da; ordenagailuko hardwarea aztertu eta konpondu behar izan dute lehenengo, eta ondoren sistema eragile egoki bat aukeratu zein
instalatu.
15 ordenagailu prestatu zituzten joan zen ikasturtean eta aurten beste hainbeste egokituko dituzte Brasilera bidean jartzeko. Mundukideko kooperanteen bidaiak aprobetxatu dituzte ordenagailuak Brasilera bidaltzeko, eta oraingoz 9 gailu iritsi dira. Bertako eskolakoak oso eskertuta agertu dira ordenagailuak jaso dituztenean, eta gehiago jasotzeko prestutasuna adierazi diete Arizmendikoei.
Ekimen honek Arizmendi Ikastolako baloreekin bat egiten du. Izan ere, Arizmendiren misioa gizartearen eraldaketan eragitea da, eta proiektu honekin konpromiso horretan berresten dira.
Mundukidek orain 3 urte jarri zuen martxan inguruko kooperatibekin batera Gizarte eraldaketarako GEHIKOOP programa, lankidetza alorrean hegoaldeko eta iparraldeko herrialdeen artean orain arte zegoen marra lausotzen lagunduko duten ikaskuntza eta eraldaketa sozialerako espazioak ahalbidetzeko. Bertan Arizmendi Ikastola, Fagor Ederlan, Copreci eta Maier kooperatibek parte hartzen dute. Urteetan garatu den lankidetza harremanaren ondorio bat da proiektu hau; izan ere, hezkuntza ereduari lotutako proiektu orokor batean hartzen dute parte Arizmendi eta MSTko ikastetxeak.