
Ez didazue esango ez dela harrigarria leku izen horren inguruan Mondragoen daukagun nahasketa. Lau berba horiekin egin daitezken konbinazioak ugariak dira eta hala gertatu da toponimo iheskor eta harrapagaitz honekin ere. Baina azkenean inor ez dago seguru nola deitu behar zaion Arrasaten dagoen plaza eta etxe multzo horri.
Holako gauzatan beti da komenigarria Txipi Ormaetxearen Arrasateko Toponimia libururi begiradatxo bat botatzea. Eta hara non jakin dugun Arimazuri leku izena 1980 arte ez dela agertzen gure herrian.
Hala da, bai, urte horretan Jose Letonak artikulu bat idatzi zuen Anuario de Eusko Folklore aldizkarian “ Catálogo de fuentes de Mondragón” eta bertan zehaztu zuen Arimazuri izeneko iturri bat zegoela gutxi gora behera orain Ikerlan dagoen egoitzaren azpian.
Eta zergatik Arimazuri? Ba segurutik hor inguruan baserri bat egon zelako Animazubi izenekoa.
Animazubi baserri hori Eguzki Torrearen kokapenean zegoen, baina ordurako ez zuten deitzen ez Arimazubi eta ez Animazubi ere, Gorrikoa baizik. Gorriko baserri hori 1966an eraitsi zuten Eskola Profesionala handitzeko egin behar ziren lanak zirela eta. Inguru horretan bizi izan ziren auzotarrek oraindik gogoratzen dute nola zegoen zubitxo bat baserri horren parean. Beraz Animazubi baserria eta zubitxoa hor zeuden. Izen horretan biltzen dira Anima/Arima eta zubi. Zergatik “Anima”? Ze zubiarena garbi dago. Niri neuri bi teoria etortzen zaizkit burura, zubi horren ondoan zegoen eraikina Animen aldeko kaperatxo bat zelako eta gero kapera hori baserri bihurtu edo zubia eraiki zutenak “jentilak” izatea. Euskal tradizio mitolojikoan zubi eraikitzaileak jentilak, moroak edo deabruak izaten dira. Gure inguran zubi eraikitzaileak Nikolas deitzen dira. Beraz zubiak egiten dituztenak ez dira kristauak izaten baina zubia eraikitzearen truk kristauen animak eskatzen dituzte. Jentil horiei kristauen anima lortzeko jartzen zaie baldintza izaten da euren lana eguna argitu baino lehen bukatu behar dutela, eta horrela eginez gero kristau horren anima jentilen mundura joango da. Horrela gertatu zen? Ez daukagu jakiterik.
Dakiguna da Arimazubitik Animazubira pasatu zela izena eta azkenean Arimazuri bihurtu zela eta zegoen kokapenetik kokapen berrira aldatu zela. Toponimo honek 500 metroko lekutzea (desplazamendua) izan du
Nola gertatu zen aldaketa hori? Nik entzun dudanagatik ondorioztatuko nuke izena Jose Letonak asmatu ei zuela. Kontatzen zuenez malato bat zegoen, ubide luze bat Uribetik Arrasateko Okindegiraino. Hobeto azaltzeko malatoa edo ubidea Alecopetik Lizarralde bizikleta dendarainokoa zen. Ba dirudienez malato horretan neskatila bat ito zen eta neskatila horren anima penatua izara zuri baten formarkin hor inguruan azaltzen ei zen noiz behinka. Ez ddut uste ipuin hori inon jasota egongo denik baina Jose Letonak hala kontatu zion Etxe multzo horren konstruktore galegoari. Galegoen artean nahiko zabalduta zeuden holako sineskeriak: Santa Compaña, Garbitokiko animen agerpenak… Nonbait gustatu eta izen hori jarri zion etxe multzoari: Arimazuri.
*Ohartxo bat kristau kulturan hezitu ez zaretenontzat: Norbait pekatu arintxo batekin hiltzen bazen bere anima ez zen Infernura joaten Garbitokira edo Purgatoriora baizik. Batzuetan anima horiek Garbitokitik irtetzen ziren, normalean gauez edo Domu Santuen bueltan bere lagunei gogora arazteko oraindik Garbitokian zegoela eta zerbait egin beharko zutela bere anima Zerura bidaltzeko: limosnak eman, errezatu, mezatara sarriago joan…
Baina izen berri horrekin jende asko harritu egin zen, nondik nora izen berri hori? Eta hala pentsatu zuten Arimazuriren ordez lekuizen zaharra berreskuratzea egokiagoa zela Arimazubi. Orobat uste zuten Arimazubi Uribarzubi-ren aldaera bat izan zitekeela.

Baina ez, ez da horrela bi zubi diferenteak dira, gertatzen dena da Arimazubi errekaz behera 500 metro jaitsi dela.
Eta gaur egun horrela gaude: izen biak erabiltzen dira. Hala, garai batean Arrasateko mojen ikastetxea gaur egun Arizmendi Ikastolako Arimazubi gunea da baina Plazako taberna batek Arimazuri du izena. Plazaren izen ofiziala Arimazubi da, administrazioak horrela erabakita.
Eta Arrasateko malatuko itotako neskatilatxoaren anima penatua? Zeruan da dagoeneko? Edo Domusantu aurreko gau beltzean agertuko zaigu izara zuri bat bailitzam? Argi ibili egun hauetan,igual ikusi egingo duzue. Eta orduan zer? Errezatzen edo asmatuko duzue?
