Energia trantsizioaren norabidea adosteko helburuz abiatu da Argitzen prozesu deliberatiboa. Azaldu dutenez, eskualdeko 50 herritar anitzek osatutako taldea sortu nahi da. Herritar horiek, Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako hartu beharreko norabidearen inguruko gomendioak landuko dituzte.
Argitzen prozesu deliberatiboa aurkeztu dute gaukoan Kulturaten, 18 eragilek osatutako Mandatu Organoko kide diren Maider Morras, Edurne Unamuno eta Oier Etxeberriak. Argitzen prozesuaren helburua, eskualde mailako herritarren batzarra osatzea dela azaldu dute, energia trantsizioaren inguruan eman nahi diren urratsen inguruan eztabaidatu eta gomendiak egiteko.
Zozketa, boluntarioen artean aukeratzeko
Egun hauetan, zozketaz aukeratutako hainbat herritarrek gutunazal hori bat jasoko dute etxeko postontzian. Bertan, Argitzen prozesuan parte hartzeko gonbitea luzatuko zaie. Gonbidapen hori jasotzen dutenek, 15 eguneko epea izango dute Herritarren Batzarreko kide izateko baiezkoa edo ezezkoa emateko. Baiezkoa ematea erabakitzen dutenen artean, bigarren zozketa bat egingo da 50 kideko talde anitza osatzeko. Saio horietan parte hartzen dutenek udazkeneko 5 lan-saioetan parte hartzeko konpromisoa hartuko dute.
Lan-saio horietan, Herritarren Batzarrak gomendio-sorta bat landuko du galdera honi erantzuteko: “Zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako?”
Prozesuan parte hartzeko ez da gaian aditua izan behar, izan ere, Herritarren Batzarreko kideei erronkari aurre egiteko informazioa eta laguntza eskainiko zaie eta prozesua amaitzean 400 euroko ordainsaria jasoko dute.

Bost saio udazkenean zehar
Hiru fase nagusi izango dituzte udazkenean egingo diren batzarrek; lehenengo fasean, gaian adituak direnen informazio zehatza jasoko dute kideek. Bigarren fasean, jasotako informazioaren inguruan hausnartuko dute, eta azkenenko fasean, prozesuaren sustatzaileari, Mandatu Organoari, emaitzak gomendioak eta bestelakoak helaraziko dizkiete.
Hauek izango dira saioen datak:
- Urriak 18
- Urriak 25
- Azaroak 8
- Azaroak 22
- Azaroak 29
Saioak 9:30ean hasi eta 18:30ean amaituko dira, tartean atsedenaldi eta otorduentzako denborarekin. Bilerak Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketako ikastetxe publikoan izango dira.
Web orrian ekarpenak egiteko aukera
Herritarren batzarrean parte hartzen ez dutenek ere ekarpenak egiteko aukera dute argitzen.eus webgunean kexak edo gomendioak helaraziz. Eskualdeko eragileek ere atxikimendua emateko aukera dute webgune berean.





